viernes, 30 de mayo de 2008

MANIFESTAZIO NAZIONALA DONOSTIN




AHT Gelditu! Elkarlanak mobilizaziora deitzen ditu herritarrak egitasmoa gelditzeko eta eztabaida sozial sakona zabaltzeko.

Abiadura Handiko Trenaren aurkako iritzia euskal gizartean sakon errotzen ari dela erakutsi dute Euskal Herri zabalean azken hileotan egindako mobilizazio, salaketa ekintza eta adierazpen andanak, baita zenbait herritan egindako herri-kontsultak ere. Gehiengo sozialak eta sindikalak behin eta berriz adierazi du AHTren aurka dagoela, egitasmo horrek dituen ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozial larriengatik, baita informaziorik eta herritarren parte-hartzerik gabe garatu den proiektua delako. Halaber, askotan eskatu du egitasmoa gelditzeko, egiazko informazio objetiboa
zabaltzeko eta debate sozial sakona ireki dadila.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da maiatzaren 4tik aurrera AHTren egitasmoak kaltetuko lituzkeen herri eta eskualde guztiak zeharkatu dituen GELDITOUR ekimen ibiltariak AHT-k eragingo lituzkeen kalteen inguruko informazioa lau haizetara zabaldu duela. Datozen egunetan Lapurdira joko du GELDITOUR ekimenak, eta Uztaritzen eta Mugerren ekintza informatiboak egon ondoren, Donostian amaituko da larunbatean. AHT-ren aurkako informazio ekimen eraginkorra bihurtu da, AHT-ren aurkako aldarria kaleratu eta lau haizetara zabaltzeko bitartekoa, hain zuzen ere. Asteotan herriz herri eta eskualdez eskualde era guztietako ekintzak eta mobilizazioak egin dira, jendartea AHTren gaian sentsibilizatu eta herri eztabaida zabalaren alde indarrak biltzeko. Kolektibo nahiz norbanakoek AHT-ren aurkako dinamikan beren ekarpena egin dezaten ahalbideratzen ari dena.

Hala ere, egitasmoaren arduradunek ez entzunarena egiten segitzen dute AHT gelditzeko eskari herrikoiaren aurrean. Horrela, gogor salatzen dugu Madril eta Gasteizko Gobernuek duela urte eta erdi Lukun (Araba) AHT eraikitzeko hasitako lanak Urbinara eta Goierrira hedatu izana. Urbinaren kasuan, Lukun hasitako lanen jarraipenari ekin diote, eta Goierrin, Eusko Jaurlaritzak aginduta, Ordizia eta Beasain artean hasiak dira hondeamakinak Mariarats deritzon ingurua txikitu eta hondatzen. Gainera, datorren ostiralean Bizkaian, Espainiako Sustapen Ministerioak Galdakao eta Basauri artean obrak hasiko dituela salatzen dugu. izana ere salatzen dugu. Berriz ere agerian gelditzen ari da, agintari entzungorrek, herriaren nahiaren gainetik pasa, eta nola edo hala AHT eraikitzeko duten presa.

Honek guztiak, erakusten du AHTren inguruan Euskal Herrian dagoen desadostasun zabala mespretxatu eta egitasmo erraldoi honen arduradunek aurreranzko ihesari ekin diotela.

Egoera asaldagarri honen aurrean premiazkoa da lanak gelditzeko exijitzea, inposizioa arbuiatzea eta AHTren inguruan nahiz instituzioetatik sustatzen ari den garraio, lurralde antolaketa eta gizarte ereduari buruzko eztabaida sozial sakona irekitzea. Hori dela eta, mobilizazioetan eta desobedientzia ekintza zuzenetan parte hartzen ari diren herritarrak zoriondu nahi ditugu. Ekintza hauek garbi erakusten dute herri honek AHT gelditzeko energia nahikoa baduela, eta agerian uzten dute, instituzioetatik lanak geldiezinak direla esanez behin eta berriz zabaltzen ari diren mezuaren gezurra. AHT gelditzea posible da eta dagoeneko esan dezakegu AHT gelditzen ari garela. Mobilizatzearen beharra azpimarratu nahi dugu beraz, eta herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitu nahi ditugu.

Horregatik guztiagatik, datorren larunbatean maiatzaren 31an Donostian, arratsaldeko 17:30etan, Boulevardetik abiatuta AHT Gelditu! Elkarlanak deitzen duen manifestazio nazionalera ahalik eta jende gehien biltzeko dei egiten diegu herritar guztiei. “AHT GELDITU! INPOSAKETA GUTXIAGO ETA HERRI EZTABAIDA GEHIAGO!” lelopean egingo da manifestazio hori. Horrekin batera, egun osoan AHTren aurkako jaialdia egingo da Donostian: goizetik arratsaldera bitarte GELDITOUR ekimen informatiboa, hitzaldia, herri kirolak, bertso saioa, Txan magoaren ikuskizuna, herri bazkaria eta kale animazioa egingo dira Donostian. Manifestazioaren ostean, berriz, gaueko kontzertua egingo da Usurbilen.

bestalde, esan behar da, Manifestazioaren egunerako AHT Gelditu! Elkarlanak DVD bat jarriko duela salgai. “Zer ari zaizkigu ezkutatzen” izenburupean, eta euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, DVDak 40 minutu luzez, hainbat pertsonari egindako elkarrizketak jasotzen ditu Roberto Bermejo (EHU/UPV)- Iñaki Antiguedad (Geodinamika irakaslea) - Nekane Jurado (ekonomilaria) - Miguel Amoros (activista Barcelona) - Rosa Lago (Ekologitsak Martxan) - Pablo Lorente (Plataforma Erribera Nafarroa) - Janire Dominguez (ELAko ingurugiro arduraduna) - Ainhoa Etxaide (LABeko lehendakariordea) - Asier Agirre (Aramaioko alkatea)- Iñaki Iriondo (kazetaria) - Kimetz Etxeberria (teknikaria) - Aitor eta Justo Esnaola (Legorretako kaltetuak) - Marta Luxan (soziologoa) - Iñaki Lazarobaster (EHNEko Gipuzkoako lehendakaria) - Roberto Manjon (euskara teknikaria). Larunbatean bertan, Donostian izango dira salgai eta ondorengo asteetan Euskal Herriko txoko guztietan.

Joan den abenduan Arrasaten AHTren aurkako manifestazioan bildutako jendetzak argi erakutsi zuen herri honek AHT gelditzea exijitzen dietela agintariei. Oraingo honetan, azken urte hauek guztietan gizarteko hainbat taldek zabaldutako mezua berretsi eta indar gehiagorekin hedatzeko ordua iritsi da, AHTren borrokara lotzen ari garenak geroz eta gehiago garelako. Donostiako manifestazioa horren adierazle izango dela ez dugu zalantzarik.

Guztion indarra beharrezkoa delako, denok Donostiara! AHT Gelditu!

No hay comentarios:

Publicar un comentario