Euskal gizarteko hainbat lagun ezagunek luzatu dute deia. 17:30ean hasiko da martxa isila, Casillatik. Ezker abertzalea “legeztatu beharra” dagoela diote, “demokrazia dagoelako jokoan“. Deitzaileen artean dira Mitxel Sarasketa, Kepa Landa, Peio Zabala, Joxe Arregi, Txaro Arteaga, Xabier Arzalluz, Anjeles Iztueta, Antton Lafont, Martxelo Otamendi, Maixux Rekalde, Iñaki Perurena, Paul Rios, Jesus Uzkudun edo Xabier Zubizarreta. “Euskal gizarteak inoiz ez du bakea hain gertu antzeman”.
Euskal gizarteko 22 lagun ezagunek ezker abertzalearen legeztatzea eskatzeko manifestazio isilera deitu zuten atzo Bilbon, Abando hotelean egindako agerraldian. Datorren larunbatean izango da martxa, Bakerantz, legalizazioa lelopean (17:30, Casilla).
Xabier Oleaga kazetariak egin zuen prentsaurrekoaren aurkezpena, eta Kontxita Beitia ikastoletako hasiera garaiko andereñoak eta Cesar Arrondo euskal diasporako kideak irakurri zuten idatzia.
“Euskal gizarteak inoiz ez du bakea hain gertu antzeman”, diote deitzaileek idatzian. “Bakearen gertutasuna diogunean, ETAren bortizkeriaren amaieraz ari gara, bai eta euskal herritarrek jasan dezaketen giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen, urraketa egoera gainditzeaz ere“.
Ezker abertzalearen aurrepausoak nabarmendu dituzte, “lehen mailako aldaketa baita euskal eszenatokian. Bereziki ez dago ezkutatzerik edo ukatzerik otsailaren 7an Euskaldunan egindako agerraldia”. Hala, eremu politiko hura “legeztatu beharra” dagoela diote, “demokrazia dagoelako jokoan”.
“Jarrera aktiboa, tinkoa, irmoa” hartzeko dei egin dute. “Bakea eta demokrazia denon ondare dira. Horiek lortu eta finkatzeko konpromisoa ere denoi dagokigu”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario