domingo, 23 de noviembre de 2008

SEXU JAZARPENARI STOP!


Azaroaren 25a bortxakeria sexistaren aurkako nazioarteko eguna dugu. Zoritxarrez, 2008. urtean ere egun hau aldarrikatu beharko dugu. Emakumeek jasaten dugun indarkeria sexista hori, etxe barrukoa baino ez dela sinestarazi nahi diguten arren, modu askotara pairatzen dela jakin badakigu.

Egungo errealitate krudelak erakusten digu emakumeak gutxietsi, baztertu eta eraso egiten dituztela hainbat eremutan: etxean, lanean, kalean, ... Oraindik bukatu ez den 2008. urte honetan, gertakizun horien kronika beldurgarria da. Emakumeak euren etxeetan, kalean, jaietan, lanean eta eskoletan eraso dituzte eta eraso horiek gainera mota askotakoak izan dira; tratu txarrak, bortxaketak, sexu jazarpena eta hilketak besteak beste. Dagoeneko aurten Euskal Herrian 5 emakume hil dituzte.

Indarkeria sexistaz ari garenean ezin dugu modu isolatuan hitz egin; hau da, dagokion testuinguruan kokatu behar dugu. Horregatik, eraso horiek guztiak egungo jendarte eredu patriarkalaren ondorioz sortzen direla argi eta garbi esan behar dugu. Beraz, sustrai sozio-politikoa duen arazo estruktural larria da eta gizon eta emakumeen arteko harreman suntsitzailea sustatzen du.

Lan munduari dagokionez, egoera ez da bestelakoa. Izan ere, lan munduak emakumeak baztertzen edo gutxiesten jarraitzen du eta eraso modu ugari aurki ditzazkegu: lanpostuak, soldatak, lan baldintzak, etxeko lanak, zaintza lanak, ...

Emakumeak egoera eta baldintza kaskarrenetan egiten dugu lan eta horrek sexu jazarpena ahalbidetzen du. Horri aurre egiteko instituzioek onartzen dituzten politikak ez direla eraginkorrak ere agerikoa da. LABek sarritan salatu izan du aurpegia zuritzeko egindako politika hutsalak direla. LAB aspalditik ari da sexu jazarpenaren kontra modu berezian borrokatzen.

Aurten sindikatuak inoiz baino salaketa gehiago jaso ditu eta horrek esan nahi du arazoa benetan larria dela. Hala ere, salaketa jartzera ausartzen diren pertsonak gutxi batzuk besterik ez dira eta arazo nagusia da kasu asko eta asko salatu gabe geratzen direla, pausu hori emateko beldur direlako. Eraso dituzten emakumeak beldur dira ulertuko ote dituzten, babesik jasoko ote duten, errugabe ote diren, ...

Sexu jazarpenaren inguruko hipokresia gainditu behar dugu, ezin ditugu egoera hauek onartu. Gure ustez, sexu jazarpena garaitzeko guztion laguntza beharrezkoa da eta lehenik eta behin jarrera konplizeak dira suntsitu behar ditugunak.

Baina erronka hori lortzeko eragile politiko eta sozialen jokabideak askoz eraginkorragoa eta eredugarriagoa izan beharko du. Horrez gain, LABek sindikalgintzak berebiziko erantzukizuna daukala azpimarratu nahi du eta konkretuki helburu hori gauzatzeko bi lan ardatz aurrera eramatea beharrezko ikusten du:

- Prebentzioa: sexu jazarpenik egon ez dadin estrategia bat martxan jarriz.

- Erantzuna: Sexu jazarpenari aurre egiteko behar diren neurriak bermatuz. Horretarako, LABen daukagun protokoloa lan tresna bihurtu nahi dugu.

AZAROAK 25, Asteartea
MANIFESTAZIOA
ARRIAGAN 19:30


SEXU JAZARPENARI STOP!

No hay comentarios:

Publicar un comentario