martes, 25 de noviembre de 2008

PSOEk Euskal Herrian "demokraziaz mozorrotutako diktadura" ezarri duela salatu du ezker abertzaleak

Joseba Permachek EAEko Justizia Auzitegi Nagusian deklaratu behar zuela-ta, ezker abertzaleak elkarretaratzea egin du Bilbon eta PSOEk Euskal Herrian ezarri duen salbuespen estatua demokraziaz mozorrotutako diktadura dela salatuz

Ezker abertzaleak elkarretaratzea egin du gaur Bilboko Justizia Auzitegiaren aurrean, Joseba Permach EHAKren aurkako auzian deklaratzera bertara eraman dutela-eta.
Batasuneko mahaikide ohia hamar eta erdiak baino lehenago eraman dute auzitegira, eta garajetik sartu dute eraikinera. Kanpoan, Ertzaintzak segurtasun neurri handiak hartu ditu.
Justizia jauregiaren kanpoaldean, "Salbuespen egoerari stop. Euskal Herriak autodeterminazioa" lelopean, hamarnaka lagun bildu dira, eta Julen Aginakok, guztien izenean, euskal presoei aplikatzen zaien sakabanaketa eta "xantaia" politika salatu du. Izan ere, Permach Topasen dago gatibu, eta Bilbora joateko ehunka kilometroko bidaia egin behar izan duela gogoratu du.
Horrekin batera, nabarmendu du Permach eta beste mahaikide guztiak preso daudela "herri honen etorkizuna eta demokrazia eskuratzeko alternatiba bat defendatzen dutelako eta jakin badakitelako gatazka politikoa bakarrik demokraziaren bidez gainditu daitekeela, eta demokrazia Euskal Herriarentzat suposatzen du autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideak aitortzea".

Aginakok esan duenez, "PSOEk Euskal Herriari aplikatu dion salbuespen egoera demokraziaz mozorrotutako diktadura bat da", izan ere, "frankismoan bezala, alderdi politikoak legez kanpo uzten ditu, ehunka militante politiko atxilotzen ditu, tortura erabiltzen du, ikurriñari jazarpena egiten zaio eta Euskal Herriari esistitzeko eskubidea ukatzen zaio".

Ildo horretan, errepresioak ez duela konponbiderik ekarriko eta ez duela marko demokratiko bateranzko aldaketa eragotziko nabarmendu du.
Ezker abertzaleak bide horretan lanean jarraituko duela esan du Aginakok. "Konponbidea euskal nazioari hitza ematetik etorriko da, hau da, zazpi herrialdeei eta hiru milioi euskal herritarrei", adierazi du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario