Euskal Herria, euskaldunon herria, euskara dugunon herria alegia. Luze egin genezake historian atzera egingo bagenu, milaka urte dituen hizkuntza batetaz eta herri batetaz ari baikara. Beste batetarako utziko dugu ordea, historia interesgarria bada ere, eta gauza askotan arrazoia ematen badigu ere, garrantzitsuena oraina baita. Eta esan beharra dago gaur egun bagarela, euskara gure herrian, Euskal Herrian, badagoela, batzuk nahiko zutena baino askozaz ere presenteago. Eta hori da benetako arrazoia, arrazoirik garrantzitsuena. Ez dezagun bada galtzen utzi; izan ginelako, bagarelako, izango gara.
Euskarak ordea ez du bere etorkizuna ziurtaturik. Unescok argitaratu duen bezala, euskara desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen zerrendan dago. Atera dezagun beraz zerrenda horretatik, eman diezazkiogun beste milaka urte gure altxorrik preziatuena den, eta gure nortasunaren ikurrik adierazgarriena den euskarari. Gauza asko aldatu beharko ditugu ordea horretarako.
Azken aldi honetan, egia esanda azken mendeetan bezala, euskararen gaia eztabaidagai izan da arrazoi ezberdinengatik Euskal Herri osoan. Eskolako hizkuntza ereduen eztabaida dela, Vascuencearen legearen eztabaida dela edo frantziar konstituzioaren moldaketa xumeak direla, euskararen gaia esan bezala eztabaidagai izan da azken hilabeteetan.
Nafarroari dagokionean, lotsagarriak dira urte hauetan guztietan UPN, CDN zein PSNk egindakoak. Vascuencearen legetik hasita, euskarazko hedabideei diru-laguntzak kentzeraino. Izan ere, nola ulertu daiteke Nafarroako jendarteak hizkuntza eskubide batzuk onartuak izatea al ez (eta onartuak diogu, izan ere onartzetik gauzapenera tarte handia baitago) bizi diren lekuaren arabera? Hau da, nola ulertu daiteke Nafarroa hiru zonaldeetan banatuta egotea? Badirudi guztiak balio duela euskararen normalkuntza oztopatzeko; lege murriztaileak, isunak, administrazioa euskalduntzeko urratsik ez ematea, British lehen eta orain TIL delakoaren asmakizuna hezkuntzan, euskaltegiei trabak jarri, hedabideei diru-laguntzak ukatu, irratiei lizentziak lapurtu, aurrekontuetan ahalik eta diru gutxien inbertitzea...... Ez dugu jarraituko, orriak beharko genituzke-eta egin dituzten guztiak aipatzeko. Hori bai, aurpegia zuritzeko asmoarekin Euskarabidea sortzen dute, Perez Nievas Nafarroa Oinezera doa (diskurtso lotsagarria egitera beti ere), eta era horretako hiruzpalau argazki politak bilatzen saiatzen dira.
Euskara normalizatuko bada, Euskal Herri euskalduna lortuko bada, ezinbestekoa da Euskal Herri osoan herritarren hizkuntza eskubide guztiak bermatzen dituen euskararen ofizialtasuna lortzea. Horrek izan behar du bide honen jatorria, baina argi izan behar dugu bidearen hasiera baino ez dela. Izan ere, horrekin bakarrik ezin daiteke euskararen egoera normalizatu. Horren adibide ezin hobea dugu Euskal Autonomi Erkidegoan, non hizkuntza ofiziala izanagatik normalizaziotik oso hurrun dagoen. Azken batean, hizkuntza politika berria da Euskal Herriak behar duena. Hizkuntza politika bakarra, nazionala, burujabea eta euskararen normalizazioa helburu izango duena alegia. Unescok Nazioarteko Kultur Kooperaziorako Printzipioen Deklarazioan adierazi bezala, ezker abertzaleak uste baitu “herri orok bere kultura garatzeko eskubidea eta betebeharra duela”.
Ez iezaguzue utopikoak deitu, ez eta maximalistak ere, izan ere, ez gaude frantsesek Frantzian, espainolek Espainian edo alemandarrek Alemanian dituzten hizkuntz eskubideetatik haratago ezer eskatzen ari, beraiek dutena baino ez gaude eskatzen-eta. Gure hizkuntzak dagokion lehentasuna eta statusa eskuratzea.
Egungo egoeratik, ordea, ezinezkoa da euskarak behar duen ofizialtasuna lortzea; inposizioan eta zatiketan oinarritutako Foru Hobekuntzak euskara zokoratu eta desagertu dadin oinarriak ezartzen dituelako. Euskara Nafarroan ofiziala izan dadin, erabakitzeko eskubidean oinarritutako aldaketa politikoa beharrezkoa da.
Aipatutako bide horretatik, herritar eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduneraino, belaunaldi berriak euskalduntzeko beharrezkoa den hezkuntzaren euskalduntzea eman beharko da, bai eta helduen alfabetatzea bermatzeko planteamendu zehatzak egin ere. Lan mundua, administrazioa, hedabideak, gure eguneroko jarduera...... euskaldundu. Gauza asko bide horretan egiteko. Bide polita zein malkartsua. Guztion lana eskatzen duen bideaz ari baikara. Has gaitezen luze gabe beraz bidea eraikitzen. Horretarako badugu lehenengo hitzordua larunbat honetan, Iruñean, Euskal Herriko hiriburuan, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, euskara ofiziala lelopean burutuko den manifestazioan.
www.ezkerabertzalea.info
No hay comentarios:
Publicar un comentario