2008ko MARTXOAREN 8aBILGUNE FEMINISTAREN IRAKURKETA EREDU PATRIARKAL HONEK ITOTZEN GAITU!!!FEMINISMOTIK HARREMAN BERRIAK ERAIKI
Euskal emakumeok gure etorkizun indibidual eta kolektiboa modu askean erabakitzeko eskubidea mugatua dugu. Batetik, gure herriko zatiketa administratiboak eta herri izaeraren ukazioak eta bestetik sistema patriarkalak ezarritako mugek, Euskal emakumeok egoera antidemokratiko batean bizitzera garamatzate.
Estatu frantsesean, Sarkozyren eskuinerako norabideak eta hemendik eratorri daitezkeen politika atzerakoiek, emakumeon eskubideetan eragin zuzena dute. Ez gara, ezta gutxiago ere, eskubide osoko herritarrak. Esaterako, abortu eskubideari dagokionez epe legea dugu. Lege honek ez du emakumeok gure gorputzaren inguruan erabakitzeko dugun eskubidea, bere osotasunean bermatzen.
Estatu espainola, ezaugarri patriarkal, kontserbadore eta antidemokratikoengatik definitzen da. Edozein koloretako gobernua egonda ere, badira zenbait botere faktiko ( Opus Dei, eliza, goi klase atzerakoiak, sistema juridiko usteldua?) presio mekanismo anitz erabilita, emakumeon eskubideen urraketa sistematikoa sustatu eta egoera mantenarazten dutenak. Honen adierazle garbiak dira, azken hilabeteetan egondako manifestaldi ultra kontserbadoreak, azken atxiloketak, abortuak praktikatzen dituzten klinika pribatuen kriminalizazioa, hainbat emakume orain urtebete ustez abortatzeagatik deklaratzera deituak izana eta beste abar luze bat.
Botere patriarkalaren ofentsiba berri honen bidez, Mugimendu feministari esker lortutako hainbat lorpen, minimoak badira ere, kolokan daude. PSOEren gobernutik neurri anitzak bideratu dira intentzio oso desberdinekin (indarkeri sexistarekin amaitzeko legea, homosexualen ezkontzarako eskubidea edota abortu eskubidearen inguruan egindako promesak), baina arazoaren muinera baizik egoera iraunaraztera eraman ditu.
Familia eredu tradizional eta hegemonikoaren aldeko hautua garbia da. Jendartean, harreman eredu bakar eta nagusi bezala agertzen zaigu. Sexuen arteko harreman hierarkikoak emakumeon dependentzia emozional eta ekonomikoa bultzatzen duten eredua dira. Amatasuna derrigorrezko egiten duen eredua. Heterosexualitatea sexualitatea bizitzeko aukera bakar bezala erakusten digun eredua. Emakumeak rol tradizionalari erabat lotzeko egindako eredua.
Egoera honen ondorioz, euskal emakumeok, gure gorputza, elkar bizitza harreman eta harreman afektiboen inguruko erabakiak hartzeko askatasun falta dugu. Ez dugu heziketa sexual integral bat bermatua. Ez dugu aborturako eskubiderik, honek delitu bat izaten jarraitzen du, (kode penalean sartzen da) eta soilik hiru balizko arrazoietan (bortxaketa, amaren osasunaren arriskua eta fetuaren malformazioa) onartzen da. Duen delitu izaerak edozeini salaketa jartzeko aukera ematen dio. Nafarroan abortua ezin da, legeak onartzen dituen terminoetan praktikatu, eskubidea guztiz urratua dago. Moda eta estetika, baldintza sozio ekonomikoak, hezkuntza? eta aipaturiko faktoreek emakumearen zapalkuntza iraunarazten dute.
Euskal emakumeok gure alternatiba eraiki behar dugu emakume eta gizonen artean harreman eredu berriak sortuz. Elkarbizitzarako harreman eta harreman afektibo anitz eta askeak izatea behar dugu, sexualitate hainbat aukera, parekidetasunean oinarritutako harremanak sortzeko bidean indarrak jarri behar ditugu.
Gure eskubide sexualen aldeko lanean jarraitu behar dugu. Plazerrerako, harreman sexual askeak izateko, heziketa sexual integrala jasotzeko eskubidea dugu.
Eskubide erreproduktiboak berma daitezen indarrak bildu behar ditugu. Gure gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko askatasuna borrokatu behar dugu. Erabaki hauek hartu ahal izateko mekanismo eta tresnak izan behar ditugu. Ama izan edo ez izan erabakitzeko eskubidea eta amatasun eredua libreki hautatzekoa. Abortua libreki eta dohain izateko eskubidea dugu.
Guzti honetarako eskubideen aldeko borroka aktibatu beharra dugu. Mugimendu feministaren aliantzatik abiatuta, emakumeok gure eskubideen aldeko borrokan indarrak jarri behar ditugu. Horretarako tresna, sortu dugu; Euskal Herriko emakumeon Eskubideen Karta.
Eskubideen aldeko borrokan kontzientzia feminista hedatzen jarraitu behar dugu. Emakumeon zapalkuntza estrukturalaren amaiera, jendarte hau sostengatzen duten egitura guztien deuseztapenetik etorriko da. Ideologi eta praktika feministak bakarrik ekarriko dute euskal emakumeon askatasuna.
PSOE gobernuan dagoenetik eta nagusiki hauteskunde kanpaina honetan emakumeon eskubideei lotuta eginiko lege berriak bere itxura berdinzale eta aurrerakoia lau haizeetara saltzeko erabiltzen ari da. Baina saltzen ari zaiguna kea baizik ez da. Berdintasunaren alde eginiko lana goraipatzeko erabilitako aurpegi berdinarekin gure espazioak murriztu eta oztopoak jarri ditu Emakumeen Nazioarteko Eguna normaltasun osoz bizia izan dadin.
Hauteskunde espainolen eguna Emakumeon aldarrikapen egun nagusiaren ondoren jartzea ez da kasualitatearen fruitu izan. PSOEk egindako kalkulu elektoralistek berriz ere emakumeon aldarrikapen eta espazio propioak enegarren tokian utzi ditu.
Gainera, martxoaren 8a hausnarketa eguna dela aitzakiatzat hartuta, Espainiako Langileen Alderdi Sozialistak Nafarroan duen ordezkaritzak egun honetan eginen diren mobilizazio eta ekimen historikoak debekatu ditu.
Euskal emakumeok egunero egiten dugu gogoeta gure botoaren norabidearen inguruan, ez dugu egun zehatz bat behar politikoen lana baloratu eta jendartean dituen eragin negatiboak neurtzeko. Horregatik, politiko guztiei dei egin nahi diegu sistema patriarkalak emakumeon bizitzetan egunero eta eremu guztietan eragiten duen zapalkuntzaren inguruan uneoro hausnartu dezaten, ez hauteskundeetan edo martxoaren 8an bakarrik, urteko 365 egunetan baizik.
Herriaren interes eta beharrei erantzuteko egon beharko zuten politikoei aurre eginez, martxoak 8 honetan inoiz baino arrazoi gehiago ditugu kalera irten eta gure eskubideak aldarrikatzeko. Beraien nahierara erabiltzen duten emakume gaia boto lortze hutserako erabiltzea ez dugula onartzen, ez garela hain merke saltzen ozen esatera irtengo gara kalera. Emakumeok inoiz baino indartsuago gure espazioak defendatzeko irrikaz gaudelako irtengo gara larunbatean.
Baina martxoak 8az haratago lan andana dugu egiteko. Feminismotik harreman berriak eraikitzeko helburua zein bidetatik egin denon artean markatzeko ordua da. Horregatik, datorren apirilaren 12 eta 13an egingo diren Euskal Herriko IV. Jardunaldi feministetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.
MARTXOAK 8, LARUNBATA
19:30etan ARRIAGAtik
MANIFESTAZIOA
No hay comentarios:
Publicar un comentario