lunes, 3 de marzo de 2008

FARCen eledun Reyes buruzagia eta beste 18 gerrilari hil ditu Kolonbiako gobernuak

HERRIEN BORROKA


FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren kontrako inoizko operazio handiena egin zuen atzo Kolonbiak. Kolonbiako mugatik gertu, oihanean, babestuta zeuden gerrillari talde bat bonbardatu zuen airetik armadak. Luis Edgar Devia Raul Reyes taldeko bigarrena hil zen bonbardaketan, eta berarekin batera beste hemezortzi gerrillari. Juan Manuel Santos Kolonbiako Defentsa ministroak eman zuen operazioaren berria: «Talde terroristaren kontra orain arte egindako kolpe sendoena izan da».



Ekuadorko lurretan egin zuen bonbardaketa armadak. Kolonbiako mugatik gertu zegoen eremu bat bonbardatu zuen, hain zuzen ere. Putumayo ibaiaren beste aldean dagoen kanpamendu batera joatekoak ziren gerrillariak ostiralean eta horren berri izan zuen armadak. Koordenatu zehatzak izan ondoren eremua bonbardatu zuten airetik. Ondoren lurrez sartu ziren soldaduak.
Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak erasoaren berri eman zion, hura egin aurretik, Rafael Correa Ekuadorko presidenteari. Ekuadorko aire eremua ez zutela urratuko jakinarazi zion agintariari.

BURUZAGI HISTORIKOA. Reyes FARCen zuzendaritza taldeko kidea zen eta gerrillari taldearen nazioarteko bozeramailea. Armadak hildako zuzendaritza taldeko aurreneko kidea da. Andres Pastrana presidentearen garaian bake negoziazioetan parte hartu zuen, hain zuzen ere, 1998 eta 2002. urteen bitartean. Europan, Mexikon eta Kosta Rican bizi izan zen hainbat urtez eta eledun lanak egin zituen orduan. Enrique Torres Julian Conrado buruzagia ere atzo hil zen.



Reyes eta gainontzeko gerrillarien gorpuak armadak jaso eta hiriburura eraman ditu. Santos Defentsa ministroak esan du beste gerrillariek gorpuak berreskuratzea saihestu dutela horrela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario