lunes, 10 de marzo de 2008

Hauteskundeak Ipar Euskal Herrian


Abertzaleek emaitza ikusgarriak lortu dituzte; Uztaritzen, bigarren itzulirako giltza daukate

Jean Grenetek eta Didier Borotrak, Baiona eta Miarritzeko auzapezek, ez dute herrietako hauteskundeetako lehen itzulian pasatzeko boz aski lortu. 2001eko hauteskundeetan, Borotra lehen itzulian pasa zen, botoen %54arekin. Oraingoan, %41,84 lortu ditu. Eskuineko Jean-Benoit Saint-Criq (%25,18) izanen du kontrario nagusia Borotrak. Grenetek, berriz, bozen %44a lortu du, duela zazpi urteko %57,35 emaitzatik urrun. Baionan beti, Jerome Agerre sozialistak bozen %25,29 lortu ditu, eta Grenetengandik hurbilen hori geratu da.
Donibane Lohizunen, aldiz, lehen itzulian irabazi du Michele Alliot-Mariek, botoen %55,36 lorturik. Peyuco Duhartek jarraituko du, beraz, auzapeza izaten, Frantziako Barne ministro karguarekin segituko baitu Alliot-Mariek. Datorren larunbatean ofizialki hartuko du Duhartek Donibane Lohizuneko auzapez kargua.
Lehen itzulitik herrietako hauteskundeak irabazi dituzten auzapezetan, bost aipa daitezke. Lehenak Lapurdin, Christine Bessonartek bozen %52,7 lortu baititu Senperen, eta Guy Poulouk %52,25 Ziburun. Bi herri horietan bezala, Donibane Garazin eta Baigorrin (Baxenabarre) ere orain arteko auzapezek agintzen jarraituko dute: Alfontxo Idiartek eta Jean-Baptiste Lambertek gehiengoa lortu dute. Hazparnen (Lapurdi), aldiz, auzapez berria izanen da, Beñat Intxauspek botoen %65ekin irabazi baitu lehen itzulitik.
Zerrenda abertzaleei dagokienez, emaitza ikusgarriak lortu dituzte, orokorki, aurkeztu diren herrietan. %10etik goiti joan dira leku gehienetan, Baionan salbu: botoen %7,21 lortuz, 2001. urteari konparatuz, 2,47 puntuz jaitsi baita Baiona Berria zerrenda. Bestela, %11,17 lortu dute Hendaian, %12,38 Bidarten (Lapurdi), %18,05 Azkainen (Lapurdi)%19,45 Donibane Lohizunen, %19,5 Urruñan (Lapurdi).
Baina Uztaritzen daukate bigarren itzulirako giltza abertzaleek, Battitt Ameztoiek eraman duen zerrendak %25,61 lortu baitu. Aferak tinko atera dira Uztaritzeko lehen itzulian. Bernard Auroy auzapezak, bozen % 26,92rekin, ez du lehen postuan bukatu, Dominique Lesbatsen (%27,45) atzetik. Hendaian ere ezustekoa izan da, Kotte Ezenarro auzapezaren (%43,91) aintzinetik pasatu baita Battitt Salaberri, %45,09rekin.
Angelun (Lapurdi), aldiz, pentsatua zen bezain tinko bukatu du lehen itzuliak, Jean Espilondo sozialistaren (%36,66) eta Robert Villenave auzapezaren (%36,53) artean. Baina emaitzak Urruñan geratu dira ikusgarrienak, bi botoen aldea baizik ez baita izan eskuineko bi zerrenden artean: Odile de Coralek 1354 boto lortu ditu (%29,51), eta Daniel Irazokik, berriz, 1352 boto (%29,46).
Bokalen (Lapurdi), ezkerreko borroka auzapezak irabazi du, Marie-Jose Espiaube komunistak botoen %30,61 lortu baititu. Christophe Martin sozialista ez da, ordea, urrun geratu, %26,62 lorturik. Horien atzetik datoz Francis Gonzalez (%23,75) eta Albert Maton (%19,02) eskuinekoak. Ezker eta eskuin alderdietako ordezkarien arteko aliantzak igurikatzen dira datorren igandean iraganen den bigarren itzulirako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario