lunes, 30 de marzo de 2009

EZKER ABERTZALEAK POLITIKA FEMINISTA SUSTATZEKO GIDA AURKEZTU DU


Ezker Abertzaleak Politika Feminista sustatzeko gida aurkeztu du. Gida honen helburua udaletan politika feminista integrala garatzeko lagungarria edota tresna izatea da. Ezker abertzaleak jendarte parekidea eraiki nahi du, sexuen arteko harreman berrietan oinarrituriko jendartea eraiki nahi du. Bide horretan eta sexuen arteko parekidetasunari dagokionez, gure herri eta hiriak pertsona guztien neurrira eraiki behar ditugu.

Horretarako, egun bizitzaren edozein arlotan gizon eta emakumeen artean ematen diren desberdintasunak gainditzeko beharrezko baliabide eta bitartekoak jartzea ezinbestekoa da. Baita eremu instituzionalean ere.

Politika instituzionaIari dagokionez, administrazio eta instituzio desberdinei dagokie politika feminista garatzea. Zeregin hori udalena soilik ez bada ere, udalek ere, herritar eta emakumeengandik hurbilen dauden instituzioak diren aldetik, funtzio garrantzitsu bat bete dezakete gai honen inguruan.

Beraz, jendarte berria eraikitze bidean, politika feminista integrala sustatzeko eskuliburua osatu dugu. Non ekarpen teorikoa nahiz praktikoa jasotzen den. Lehenik eta behin, politika feministaren ezaugarriak azaltzen dira. Bigarrenik, berdintasun politika garatzeko proposamen orokorra lantzen da. Eta azkenik, politika feminista garatzeko lagungarria izan daitekeen zenbait ekintzen zerrenda jasotzen da.

Edozein udalan, jarraian landuko dugun berdintasun politika garatzeko proposamena aplikatu baino lehen; herriko diagnosia egitea, tokian tokiko aukerak eta baldintzak ezagutzea eta bertako emakumeekin nahiz mugimendu feministarekin kontrastatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Izan ere, politika feministaren edozein proposamenean ikuspuntu feminista duten emakumeen zein mugimendu feministaren parte hartzea eta artikulazioa funtsezkoa da.

Halaber, egiten dugun proposamena orokorra da. Hortaz, tokian tokiko errealitatearen arabera eta baldintzen arabera egokitu beharreko proposamena da. Zentzu horretan, aipatu dugun bezala, edozein herritan garatu daitezkeen hainbat neurrien zerrenda atxikitu dugu eranskin gisa.

Azkenik, hainbat herriren tamaina eta ezaugarriak direla medio horrelako politikak aurrera eramateko zailtasunak egonez gero; inguruko udalekin gai honetarako mankomunitateak sortzeko aukera aztertzea proposatzen dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario