domingo, 15 de febrero de 2009
ZURBARANGO IKASTETXEAN D EREDUA KENDU DUTE!!
Bilboko Zurbaran ikastetxeko Lehen Hezkuntzako azken urtean dauden gazteei mezu garbia helarazi die Jaurlaritzak; euskaraz ikasten jarraitu nahi badute institutuan, beste auzo eta ikastetxe batera joan beharko dira. Ikasleek, gurasoek eta hainbat lagunek manifestazio zaratatsua egin zuten Bilboko Jaurlaritzaren egoitza aurrean erabakiaren aurkako salaketa egin eta Hezkuntza Sailari Zurbaran Institutuan D eredua ezartzea exijitzeko
Asteon Uribarriko EHEk salatu duenez, badira Bilboko auzo horretan euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen dituzten eta euskalduntzea ekiditen duten hiru ikastetxe. Hauteskunde kanpainaren harira, hitz eder askoak entzun ahal izan dira egunotan Jaurlaritzako kideen partetik. Juan Jose Ibarretxek berak esan du asteon, "16 urtetik beherako biztanleriaren %75a elebiduna" izatea lortu dutela eta "zinez" egingo duela aurrera "benetako elebitasunaren bidean euskararen erabilera soziala bultzatzeko orduan". Hala ere, errotorika utzi eta hitzak praktikara eramaterakoan, Jaurlaritzak mozorroa kendu eta hamaikagarren erasoa bideratu du euskararen kontra. Haatik, ez da alkate analfabetoa duen hiriburuan irakaskuntza mailan ematen den euskararen kontrako eraso bakarra.
Izan ere, Bilboko Zurbaran ikastetxeko ikasle eta gurasoei aukera erraza bezain gordina jarri die mahai gainean Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak: D ereduan ikasteko eskubideari uko egin, edo ikastetetxez aldatu. Lehen Hezkuntzako azken urtean diren Zurbaran ikastetxeko ikasleek ezingo dute datorren kurtsoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) hasi, D ereduan ikasten jarraitu nahi badute bederen, Hezkuntza Sailaren aginduz.
Gurasoek mobilizazioa aukeratu dute Jaurlaritzaren eskaintzaren aurrean eta instituzioak Bilbon duen egoitzaren aurrean mobilizazio zaratatsua burutu dute bere desadostasuna adierazteko, Zurbaran Institutuan D eredua ezartzea galdegiteko eta iniziatibaren babesa agertzen duten 3.700 sinaduratik gora helarazteko. Gurasoetako batek Berria egunkariari egindako deklarazioek jasotzen dutenaren arabera, "ulertezina" da sailaren erabakia eta ondorioz bere "eskubideak urratzen" ari zaizkiela adierazi du. Areago, eskola komunitateak institutuan D eredua jartzea nahi duela eta "euskaraz ikasi eta hitz egiteagatik zigortzen zen garaiak" datozkiela gogora ohartarazi du.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario