jueves, 19 de febrero de 2009
LOTU INDEPENDENTZIARA!
Independentzia kaletik ateratzeko saiakeran dabiltzala estatuak salatu dute Jarrai-Haika-Segi auziagatik espetxetik atera berri diren hiru gaztek eta gazte independentistek. Adierazi dute errepresioak ez duela lortu belaunaldien arteko soka etetea eta ez duela lortuko. Gazteriari Independentziara lotzeko deialdia egin diote.
Elkarrekin agerraldia burutu dute espetxetik Haika-Segi auzia dela eta atera berri diren Garikoitz Etxeberria, Gartzen Garaio eta Ugaitz Elizaranek eta Ainara Bakedano, Ion Telleria eta Txomin Catalogne gazte independentistek. Errepresioarekin belaunaldien arteko lekukoa eten nahi bazuten ere ez dutela lortu nabarmendu dute.
Prentsaurrekoko edukia:
Gazte Independentistak:: Ezer baino lehen gure ongietorria eman nahi diegu kalera etorri berri diren kide guztiei, eta besarkada bat espetxean dituzten guztiei, preso politikoen kolektibo guztiari eta bereziki preso gazteei. Uste dugu, gaur hemen elkarrekin egoteak erakusten duela errepresioak min ematen duela, baina ez duela bere helburu nagusia lortzen; belaunaldien arteko etenik ez dago, eta lehen batzuk zeuden lekuan orain beste batzuk gaude... aurreratutako bidetik jarraitzeko Independentziaren aldeko borrokan jarraitzeko eta herriz herri biharko Euskal Herri aske hori eraikitzeko.
"Izan zirelako gara, eta garelako izango dira" ez da esaera ponpoxoa soilik, herri honetan egunero erakusten dugu errealitatea dela eta ziurtatu dezakegu 2009ko otsaila honetan, milaka gazte garela Independentziaren aldeko borrokara lotzen jarraitzen dugunok.
Jarrai-Haika-Segi auziagatik espetxeratuak::Aurrez beste batzuri bezala, orain urte batzuk guri tokatu zitzaigun etsaiaren atzapar krudela. Denbora honetan espetxean gogorra izan bada ere asko ikasteko balio izan digu eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide izateko ohorea izan dugu.
"Egia da borrokak bere ordaina duela,
eta herri honetan gogor ordaintzen dela hori.
Guk esan beharrik gabe ere agerikoa da"
Baina esan behar dugu, gure aurka egin zutenean euren helburua gure damua bazen alfer-alferrik ari direla. Gaur hemen adierazi nahi dugu Independentziaren eta Sozialismoaren alde, Euskal Herri aske baten alde, jendarte eredu aske baten alde herriz herri antolatu eta borrokatzeagatik atxilotu, epaitu eta espetxeratu gintuztela. Eta esaten dugu Independentziaren eta Sozialismoaren alde, Euskal Herri aske baten alde, jendarte eredu aske baten alde herriz herri antolatu eta borrokatzeko konpromisoa berresten dugula.
"Jakin behar dute ez dutela etengo
Independentziara lotzen den gazteria berriaren lekukoa"
Urte guzti hauetan egindako borrokak imajinatu ere ezin genezakeen lekura ekarri gaitu; Euskal Herria aldaketaren atarira ekarri dugu eta hori borrokak, konpromisoak eta milaka militanteren duintasunak egin du posible.
Espetxetik aterata berriz gazteriaren aurkako errealitate krudel batekin aurkitu gara. Eskualdez eskualde razzia politikoak burutu dituzte gazte independentisten aurka; hauek atxilotu, torturatu eta espetxeratuz...
Jakin behar du etsaiak bide antzua dela hori, ez duela gure damurik ekarri eta ez duela ekarriko gazte belaunaldi berrien damurik; ez dutela etengo belaunaldien arteko katea, jakin behar dute ez dutela etengo Independentziara lotzen den gazteria berriaren lekukoa.
Gazte Independentistak::Gogoratu nahi ditugu gaur ere etsaiaren atzaparretan edo etsaiaren auzibideetan diren dozenaka gazteak. Badakigu oso garesti jarri dutela borrokatzea Euskal Herrian (hor dugu Hodei Ijurkoren adibidea), baina borroka horrek ekarri gaitu gauden tokira, eta borroka horrek eramango gaitu garaipenera.
Gaur Independentistak kaletik atera nahi gaituzte, eta bereziki gazteria independentista kaletik atera nahi dute; kaletik kanpo behar baikaituzte Espainiako eta Frantziako estatuen menpeko Euskal Herria mantentzeko. Errepresioa indartu dute zazpi euskal herrialdeetan alternatiba eraikitzeko eta borrokatzeko gai den sektorea jokoz kanpo utzi asmoz.
"Kaletik kanpo behar gaituzte
Espainiako eta Frantziako estatuen menpeko
Euskal Herria mantentzeko"
Gu gara PNVren eta PSOEren arteko, eta UPNren eta PSOEren arteko negozioak lotzeko oztopoa, eta horregatik nahi gaituzte kanpo; euren tratua berritzeko estatutu eta amejoramentu berrituekin eta euren eredu neoliberala muturrera eramateko (AHT eraikiz, etxebizitza eskubide gisa baino negozio gisa landuz, hezkunzta merkantilizatuz, euskara heriotzera kondenatuz eta hezkuntza merkatuaren mesedera jarriz; besteak beste).
Beraz;
1. Dei egin nahi diogu gazteriari D3Mren aldeko kanpaina egitera eta bozka errebelde eta independentista horrekin joateko martxoaren 1ean bozkatzera. Aldi berean, hurrengo egunetan zirko elektoralean sartu diren alderdi salduei hortzak erakusteko ere dei egin nahi diegu; Euskal Herria ez dagoela salgai adierazteko tenorean gaude.
2. Ostegunerako deitu ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dizuegu.
3. Independentziaren aldeko dinamikara lotzen jarraitzeko deia egiten dizuegu. Ahalik eta gazte gehien lotu behar ditugu Independentziara; hori baita AHTa geratzeko modua, diruzaleen eredu kapitalista porrotera eramatekoa eta Euskal Herriaren ukapenean oinarritzen den PNV-PSOE-UPN iruzur berriari aurre egitekoa.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario