lunes, 27 de octubre de 2008
LANGILEOK ALDAKETA! kanpaina abian jarriko du LAB sindikatuak
Gaur goizean Bilboko egoitzan agerraldi publikoa egin du sindikatuak, datozen egunetan hasiko dugun kanpainaren berri emateko. Kanpaina hau enpresarien jokabide maltzurrari eta instituzioen neurri lotsagabeei erantzuteko salaketa kanpaina izango da.
Aurkezpena egiteko, Politika Sozialetako Idazkaria den Bea Martxueta eta Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiaz gain, lan esparru eta sektore ezberdinetako eta krisi egoera honen ondorioak bereziki pairatzen ari diren kolektiboetako ordezkariak batu dira.
Kanpaina honek bi erreferentzia nagusi izango ditu: herritarren gehiengoaren kontra hartu diren neurrien aurrean gure haserrea adieraztea eta egoera honi buelta emateko bide posiblea bakarra aldaketa dela aldarrikatzea.
Etengabean ari dira "gerrikoa estutu behar dugula" langileoi esaka. Ezin dugu, ez dago premiarik eta, gainera, ez da beharrezkoa guk horrelakorik egitea. Izan ere, aberastasun nahikoa badago gehiengo sozialen onurarako politikei ekiteko, kontua da ez dela borondaterik inondik ikusten lehentasun politiko eta ekonomikoa bide horretan jartzeko.
Banketxeak "erreskatatzeko" eta enpresei "laguntzeko" planak diru publikoaz bideratzen eta sostengatzen ari dira. Hau da, guztion ekarpenez jasotzen den dirua da hori, baina alde bakar batek kudeatzen du eta alde jakin horri begira erabiltzen ari da. Beraz, begi bistan geratzen da egiten ari direna lapurreta hutsa baino ez dela.
Azken hilabeteotako balantzea oso esanguratsua da. Gasteiz eta Iruñako gobernuek aurretik hartutako erabakiak berriro ipini dituzte mahai gainean. Honetaz aparte, gaurko eguneko markoak ematen dien marjina urriaz egoera aurrekontuetan zelanbait kudeatzeari ekiten diote. Eta puntu honetan esan beharra dago Estatu mailako aurrekontu orokorrak aurrera ateratzeko orduan, hegoaldeko bi alderdi nagusienak klabe izan dira. Hala ere, batek ere ez du ipini mahai gainean enplegu edota babes sozialaren auzia. Horrela hartzen al gaituzte kontuan Gasteiz eta Iruñako gobernuek langileok eta esparru sozial baztertuenak?
Errealitatea da krisia Estatuek "lantzen" dutela eta hemengo gobernuek ez dutela erabakitzeko ahalmenik, egoera kudeatu besterik ez dute egiten. Eta kudeaketa honetan, gainera, argi eta garbi dago zein den hauen politiken norabidea. Balizko lan erreforma berriaren eta Toledoko Ituna berraldaketaren aurrean, zer esango dute euskal instituzioek bertoko langileria eta jendartearen beharrei begira? Ezer ere ez. Eta horixe da, besteak beste, bihar ospatuko duten estatutuaren urteurrenaren balantzea.
Baina salaketarekin batera, LAB sindikatuak aldaketa sakona exijitu eta aldarrikatu nahi du, klabea horixe baita: politika ekonomiko eta sozialen norabidea errotik aldatzea. Barra-barra entzuten ari garen "kapitalismoaren balizko errefundazio" horren aurrean, gure erantzuna argia da: sakoneko aldaketak dira beharrezkoak, eredua errotik aldatu beharra dago, eredu ekonomiko eta soziala jendartearen zerbitzura egon behar delako eta ez alderantziz, gaurko egunean gertatzen den bezala.
Horregatik sakoneko aldaketa honen bidean eta, zehatzago aberastasunaren banaketa justua eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen kalitateko enpleguaren alde kalera ateratzeko kanpaina izango da hau, enpresetan eta herrietan sozializatu eta burutu beharko dena. Honen osagarri izango dugu azaroan 6an bertan burutuko dugun propaganda eta mobilizazio egun nazionala.
Datozen egunotan, gainera, sektoreetako batzar nazionalak ere burutuko ditugu, negoziazio kolektiboa eta lantokietako ekintza sindikala funtsezkoak izango baitira gure eskubideak borrokatzeko eta dagokigunaren defentsan aurrera egiteko.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario