Ezker abertzaleko kideek deia egin dute Euskal Herriko «salbuespen egoeraren» azken gertakariak salatzera, eta haien desadostasuna kalean erakustera. Asteburuan, ez da manifestazio bakarra izanen, baizik eta asko herriz herri. Egoera «oso larria» da, eta beharrezkoa ikusten dute «PSOE frankismoarekin parekatu dela» salatzea.
Egoeraren larritasuna agerian uzteko, ezker abertzaleko 200 bat lagun bildu ziren atzo Usurbilgo udaletxearen aurrean prentsaurrekoa emateko, zinegotziak, alkateak, legebiltzarkideak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak. Juan Carlos Muñoz, Kepa Bereziartua, Juan Carlos Ramos, Xabier Mikel Errekondo, Nekane Erauskin, Marine Pueyo, Tasio Erkizia, Iñaki Zabala, Arantza Urkaregi, Gorka Garmendia, Niko Moreno eta Itziar Aizpurua ziren izen aipagarrienen artean. PSOEk aspalditik idatzitako gidoia bete dela erranez hartu zuen hitza Itziar Lopategik
«Salbuespen egoera larriagotu egin dela» salatu du ezker abertzaleak. Horren frogatzeko epe motzean izan diren hainbat gertakari eta auzitegietako ebazpenak gogoratu ditu. «EAE-ANV legez kanpo utzi du Auzitegi Gorenak, eta gauza bera eginen du EHAKrekin. Horiei gehitu behar zaizkie AAMko kideen aurkako espetxe zigor handiak, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna debekatzea, tortura kasuak, atxiloketak, bahiketak eta bortizki zapaldutako manifestazioak».
Lopategik argi utzi nahi izan du legez kanporatzeak eta «errepresioa» ez direla alderdi politiko eta elkarte batzuen aurka, baizik eta proiektu politiko baten aurka, Euskal Herriaren independentziaren aurka. «Hemen ez da demokraziarik. PSOEk kosta ahala kosta ezker abertzalearen proiektua ezabatu nahi du». Helburu horretara heltzeko frankismoak bizirik dirauela uste du Marine Pueyok. «Haiek bezala pentsatzen ez dutenak bidetik kentzen dituzte, historia luzea duen errepresioa erabiliz».
Proiektu politikoen arteko talka inoiz baino ageriago gelditu da, ezker abertzalearen arabera. «Euskal Herriaren eskubideen aldeko proiektuak ez dauka lekurik ez Frantzian eta ez Espainian». Horren frogatzeko Ibarretxeren galdeketa aipatu du Lopategik. «Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia argi utzi digu subjektu erabakitzaile bakarra Espainia dela».
Euskal Herria aldaketa politiko baten atarian dagoela berretsi du, eta «errepresio basatia» ezarriz, PSOEk autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna onartzen dituen proiektu politikoa galarazi nahi duela salatu. «Aldaketa horren motorra txikitu nahi du, baldintza demokratikoetan izan ez dadin».
Beste «zapalkuntza ziklo» batean ez sartzeko, gaur egungo Estatutuaren «ondorioak» gogoratu ditu Lopategik. «EAJk zioen, Estatutuarekin presoak askatuko zituztela eta Nafarroa Euskadira igaroko zela. Baina 30 urte beranduago preso gehiago daude, salbuespen egoera, eta Euskal Herria espainolagoa». Azpimarratu du Gernikako Estatutua ez dela Euskal Herriko eskubideak defendatzeko egokia, baina bai, ordea, Espainiaren barnean desagertzeko.
Gatazka konpondu ordez luzatu eta frankismoaren itzulera ahalbidetu duela dio ezker abertzaleak. Horretan EAJk erantzukizun handia duela uste du, PSOEren laguntzailea izan delako. «Urkulluk erraten digu autogobernu handiagoa nahi duela, baina bestetik Espainiako aurrekontuen babesteko prest dela. Bestela erranda, prest dago gaur egungo zatiketarekin eta zapalkuntzarekin jarraitzeko. PSOEri leial izaten jarraituko du ezker abertzalea jipoitzeko prestasun osoz ».
Irtenbide bakarra
Egoera aldatzeko bide bat baizik ez du ikusten ezker abertzaleak. «Herri gisa garatu nahi badugu, aukera bakarra independentziarako bidea emango duen estatu burujabea eraikitzea da. Ez dago besterik». Horretarako, ezinbesteko jotzen du Espainiako eta Frantziako Konstituzioen gainetik pasatzea esparru demokratiko baten aldeko pausoak emateko. «Hori da gure iparrorratza, eta lortu arte lanean jarraituko dugu, baita errepresaliatu guztiak etxean egon arte ere»
No hay comentarios:
Publicar un comentario