EHEko kideak gogor kritikatu du egungo Europak, beren agintzaritzaren bidez, hizkuntza gutxituen aldeko egunak jarri eta beren defentsa egitearen itxuren gainetik, horien desagerpena duela helburu, etengabeko zapalketa politiken bidez. Norabide horretan, hizkuntza-komunitateen, eta ondorioz, herritar andanaren eskubideak errespetatuz berdintasuna oinarri duen Europa eraikitzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Finean, Estatu-hizkuntzez haratago, Europako berezko hizkuntza guztien eta herritarren arteko berdintasunean oinarritutako Europa.
Jarrera kolonialista eta zapaltzaileak izan dituzte historian zehar Europako Estatuek. Hizkuntza komunitate oro, Estatu-egituretara makurrarazi izan da, eta herrien determinazio askearekin gertatu den bezala, beren nortasunaren, kulturaren eta hizkuntzaren garapen librea ekidin nahi izan dute.
Zentzu horretan, herri eta komunitateen hizkuntzaren garapen, transmisio eta normalizaziorako beharrezkoak diren baliabideak kudeatu ahal izateko hizkuntza-burujabetza aldarrikatu du EHEk, izan ere berau, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politika garatzeko oinarrizko eskubidean oinarritzen delako.
Hala ere, aldarri hori ez du euskararen defentsarako eragileak bakarrik aireratu, hitzaldian parte hartu duten beste herriek eta tartean dauden beste hainbatek (Herrialde Katalanak, Galiza, Flandria, Gales...), Malmoko Foro Sozialerako Dokumentua sinatu dute. Testuak, aurretik aipatutakoez gain ere, hizkuntza zapalduen normalizaziorako beharrezkoak diren urratsak izendatu ditu.
Batetik, norbere lurralde propioan hizkuntzaren normalizazioa lortzeko:
-"Herrien autodeterminazio eskubidea onartzea, eta ondorioz hizkuntza-autodeterminazioa"
Bestetik, Europan hizkuntzen berdintasuna lortzeko:
-"Hizkuntza-aniztasunaren kontzepzio errealean oinarritzea, Europako berezko hizkuntzen artean hierarkiarik eman ez dadin"
-"Europako berezko hizkuntza-komunitateetako herritarroi Europako erakundeekin geure hizkuntza erabiltzeko eskubidea bermatzea"
-"Eskubideen bermeari babes juridikoa ematea eta Europako berezko hizkuntza guztiei status ofiziala esleitzea"
-"Hizkuntza-legedietan adaketak ekarriko lituzketen konpromisoak definitzea, oinarrizko hizkuntza-eskubidea eta bereizkeriarik eza bermatzeko"
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario