martes, 29 de abril de 2008
MAIATZAK 1
Maiatzak 1: Aldaketa politiko eta sozialaren alde.
Maiatzaren Lehena gure nortasuna eta gure klase kontzientzia berresteko eguna da munduko langile guztientzat, eta, zentzu horretan, aurten ere arrazoi ugari dugu multinazionalek eta kapital finantzieroak globalizazio neoliberalarekin inposatzen diguten injustizia, esplotazioa eta langileriaren eskubideen deuseztatzearen aurrean errebelatzeko. Are gehiago, inposaketok kasu gehienetan kapitalismoaren eraso globalaren politika harrapatzaileen zerbitzuetara dauden gobernu eta administrazio publikoen laguntza zuzena dutenean.
Lehengaien kontrolerako indar militarren erabilpena, esku lanaren trafikoa, haur langileak, esklabutza, gosea, miseria, migrazioak, zerbitzuen liberalizazioa, dumping soziolaborala, deslokalizazioak, murrizketa sozialak, sektore publikoen pribatizazio politikak, eta abar mundu mailako egoera oso gordinaren aurrean jartzen gaitu: aberastasuna gero eta pertsona gutxiagoren eskuetan metatzen den bitartean, pobrezia eta miseria gero eta gehiago hedatzen da etengabe.
Egoera honek, eragin zuzena du Euskal Herrian, eta berton bizi dugun abagune politiko eta sozialagatik ere, Maiatzaren Lehenak, langileriaren gehiengoak nahi eta behar duen benetako aldaketa politiko eta soziala aldarrikatzeko konpromiso eta errebindikazio eguna izan behar du.
Gatazka politikoa konpontzeko oinarrizkoa den marko demokratikoa ekarriko duen aldaketa politikoa. Euskal nazioaren aitorpena eta bere eskubideen onarpena ekarriko duena. Euskal herritarren borondate politikoa eta erabakitzeko eskubidearen errespetua, eta proiektu politiko guztien zilegitasuna, independentzia barne, bermatuko duen aldaketa politikoa.
Euskal langileontzat behar-beharrezko aldaketa, neoliberalismoaren eraginari aurre egiteko behar dugun lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzeko, eta ezkerreko eredu sozial alternatibo baten aldeko bidea jorratzeko. Zeren, PNV eta UPNren eskutik, desberdintasun sozialak areagotu eta lan eskubideak murrizten dituzten administrazio publikoen politika antisozialetan gero eta sakonago eragiten du neoliberalismoak; eta politika publikoek bat egiten dute kapitalaren interesekin oinarrizko eskubideak hondatzeko; esaterako, enpleguaren kalitatea, babes soziala, osasuna, etxebizitza eta ingurumena.
Hazkunde ekonomikoa zuzen-zuzenean enpresen mozkin bihurtzen den bitartean, langileok oso ondo ezagutzen dugu egunero bizitzea dagokigun errealitatea: prekarietatea, azpikontratazioa, generoagatiko desberdintasunak, mota guztietako bazterketak, gazteriaren esplotazioa, lan istripu kopuru izugarria, deslokalizazioak, gastu sozialaren murrizketa, zerbitzu publikoen pribatizazioak, pobrezia eta esklusio soziala.
Horrexegatik, eredu politiko eta sozial alternatibo baten alde borrokatzeko konpromisoa berresteko deia egiten dio LABek euskal langileriari, eta jarrera hori tinko agertzeko Maiatzaren Lehenean "Langileok ALDAKETA eragin. Gora Euskal Herri gorria" lemapean Iruñean, eguerdiko 12:00etan, Golem zinemetatik irtenda, burutuko den manifestazio nazionalean parte hartzera gonbidatzen ditu guztiak.
Gora Maiatzaren Lehena!
Autobusa Bilbotik 9:30tan Arriagatik
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario