domingo, 13 de abril de 2008

APIRILAK 25 MOBILIZAZIO EGUNA



Apirilaren 25erako Mobilizazio Eguna deitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "Euskal Herriak Askatasuna behar du!" lelopean


Gu estatuek Euskal Herrian ezarri duten eskubide urraketen, askatasun demokratikoen zanpaketaren eta jazarpen bortitzaren lekukoak gara. Eta hau diogunean, gu bezala milaka euskal herritarrek bizi izan duten eta bizitzen ari diren egoeraz mintzatzen ari gara.Egoera gordin hau erakusten duten adibideen zerrenda amaigabea egin genezake. Gaixotasun larriarekin egon arren espetxe errejimen bortitzenean bizitzera behartua dagoen presoa, bizi osorako espetxe zigorra ezarri dioten presoa, isolamendurik gogorrenean bakarturik daukaten presoa, astero bisita labur bat egin ahal izateko milaka kilometro egin behar dituen senidea... Nazioarteko albisteetara jo beharrik ez dago bizi arteko zigorraren edo heriotza zigorraren inguruko berriak jasotzeko. Ongi baino hobeto ezagutzen dugu zigor moeta horiek duten esanahaia. Infernua ere ezagutu du hainbat euskal herritarrek. Torturatuak izan diren 7000 euskal herritarren testigantzak dira infernua zer den erakusten digutenak. Baina injustizia guzti hauek ez dira delitua, ez. Delitua injustizia horiek salatzea da, gure seme alabak babestea, presoen alde dirua biltzea, sakabanaketaren amaiera eskatzea, tortura salatzea... Kolektiborik jazartuenarekiko elkartasuna eta babesa da delitua demokrazia klase honetan. XXI. mendean, 734 preso politiko dauden herri honetan aldarrikapen demokratikoa eta egingarria da Amnistiaren aldarrikapena. Eta aldarrikapen hori doaz epaitzera, aldarrikapen horren aldeko lan politiko eta soziala. Errepresioaren aurkako jarrera doaz epaitzera, errepresioaren salaketa eta errepresioaren aurkako mobilizazio herritarra. Milaka pertsonek osatzen duten mugimendua da Amnistiaren Aldekoa, Euskal Herriaren luze zabalean adin guztietako herritarrez osaturikoa, kolore askotakoa. Gu guztiok epaitzera doaz, baina zenbat espetxe egiteko asmoa dute? Argi izan dezatela, herri honetan azken presoa etxean izan arte, amnistiaren aldeko mugimendua egongo dela. Herri eta auzoetan antolatua, eguneroko lan isilari lotua. Une hauetan, mobilizatzeko deia luzatu nahi dugu. Eraso guzti hauekin amaitzeko presio soziala antolatzea beharrezkoa da. Mobilizazioak eta protestak herri guztietara zabaldu behar ditugu, hori da epaiketa honi aurre egiteko biderik eraginkorrena. Zentzu honetan eremu guztien konpromisoa eskatzen dugu. Ikastetxeetan, udaletan, enpresetan, kalean... Amnistiaren alde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren defentsan kalera ateratzeko deia egiten dugu. Norabide honetan antolatu ditugu Apirilaren 25ean mobilizazioak Euskal Herri osoan "Euskal Herriak Askatasuna behar du!" lemapean. Deia luzatzen diogu Euskal Herritarrei, apirilaren 25erako antolatu dugun mobilizazio egunean parte hartzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario