martes, 19 de febrero de 2008

EPPKren azken agiria (2008ko Otsaila)

ERREPRESIOA



Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria
Marko demokratikotik, Euskal estatura!!

Iruzur politikorik ez!!

Agur t´erdi!
Negoziazio prozesuaren amaierak, eta haren haritik, ondorengo hilabeteetan agertutako mugimendu politikoak, bakoitzaren borondate eta egitasmoak, ezin argiago biluztu ditu.
Lehenik eta behin esan behar dugu inoiz lehenago ez garela hain urrun iritsi Euskal Herriaren eskubideen aitortzan, nahiz eta gero gure herriaren eskubideen zehaztapena bildu beharko zukeen Akordio Politikoari muzin egin zion Espainiako Gobernuak, eta baita PNVk ere, prozesua zartaraziz.


Akordio Politikoak, Nafarroa Garaia, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa barne bildu eta erabakitzeko eskubidea jaso behar zuen. Hori izan da ezagutu dugun prozesuaren oinarri nagusia. Gatazkaren konponbideari atea ireki bazitzaion, espainiar Gobernuak bere administraziopeko lau herrialdeentzat autodeterminazio eskubidearen gauzapena ere jasotzen zuen autonomia estatutua onetsi zuelako izan zen, prozesua aurrera eramateko konpromisoa bereganatuz.
Horra hor, aldiz, espainiar Gobernuak bete gabe utzi dituen konpromisoak, izaera politiko eta demokratikoa zuten konpromisoak. Eta bestalde, ezker abertzaleak erakutsitako heldutasun politikoa, ausardia eta konpromiso sakona Euskal Herriaren eta euskal herritar guztien eskubide demokratikoekin. Hortxe, gutxiengo politikoak laburbilduz egindako marko demokratikoaren proposamena, gatazkaren konponbiderako zehatz eta garden. Egun, berresten diharduena, eta larrutik ordaintzen.
Argi eta garbi diogu mugarri politiko inportantea utzi duela kondar gisara Gobernuak zartarazitako prozesuak, eta etorkizunerako ezinbesteko erreferentea izango dela.
Berriz ere, Nafarroa Estatu gaia dela agerian geratu da, hauteskundeen ostean bizi izandako mugimenduak eta itunak horren isla izan dira. Nafarroako etorkizuna Madrilen erabakitzen dela agerian utzi dute. PSOEk UPNri agintzen uzteko hartutako erabakiarekin batera, azpimarratzekoa da PNV eta NaBaik onartu egiten dutela Nafarroari eta nafarrei inposatzen zaien egoera. Euskal Herriaren zatiketa mantentzeko Estatuko botereek Nafarroari ematen dioten rola onartu egiten dute.


Duela 30 urte bezala, ezkutuko paktu horien helburua, Euskal Herriaren zatiketa behin betikotzea da, eta horretarako Nafarroa pieza klabea izaten jarraitzea. Estatuko botereek ongi kateatuta utzi nahi dute Nafarroa, Euskal Herriaren zatiketa bermatzeko ardatz nagusi bezala.
Zentzu berean ulertzen dugu ere Ibarretxek gizarteratutako proposamena. Negoziazio prozesuaren apurketaren ostean, PNVren aldetik posizioa hartzeko iniziatiba baita. PSOEren alboan arituz negoziazio mahaian erakutsitako jarrera herritarren aurrean zuritzeko edota posizio politiko ilun eta zikin horretatik urruntzeko saiakera da.
Ekimen honek, PNVrentzat negoziazio prozesua «parentesi» bat besterik ez dela izan erakusten digu, inolako unetan ez baitu asmo positiborik izan gatazkaren benetako konponbide politiko bat ekarriko lukeen prozesu bat sustatzeko.


Orain, PNVk PSOErekin konfrontazioa eszenifikatzeko asmoz aurkeztu du ekimena. Biek elikatzen dute konfrontazioa, bakoitzaren interes partikularrarentzat onuragarria zaiela kontsideratzen dutelako. Onuragarri PSOErentzat Espainiako Estatuko herritarren aurrean posizioa markatzeko, eta berdin, onuragarri PNVrentzat euskal herritarren aurrean posizioa markatzeko. Horrek erakusten digu PNVk asmo eta nahikeria elektoralistarekin aurkeztu duela proposamena.
Egitasmoak helburu nagusi bat du beraz: PNVren posizioa ezartzea hauteskunde zikloari begira (2008ko espainolak/2009ko autonomikoak). PNVrentzat gasolina politikoa izateko xedea du ekimenak, asmo elektoralista huts horretatik landa, bere gauzagarritasunari dagokionez sinesgarritasunik gabe jaio dena.
Kanpora begira agertzen duten azaleko konfrontazioaren gainetik, PSOE eta PNV ados daude fase politiko honetan egingo dituzten pauso politiko estrukturalen inguruan. Ekimen horrek bere sakonean, PNVk PSOErekin Estatutu berritu baten inguruan akordio politikoa egitea bilatzen du. Aukera independentistari ateak itxiko lizkiokeena berriz ere, Euskal Herriaren lurraldetasun eta burujabetzari erantzun zuzenik eman gabe.
Funtsezko adostasun horrek erakusten du PSOE eta PNVk estrategikoki oinarrizko ituna badutela, Estatutuaren erreforma baten bidez gaur eguneko status politiko-juridikoa egiazko aldaketarik gabe bere horretan uzteko, Espainiako Estatuaren baitan eta Euskal Herriaren zatiketa mantenduz. Espainiako Estatuko aurrekontuei PNVk emandako babesa edota AHTren inguruan dituzten itunak dira funtsezko adostasun horren adibiderik argienak.
Iruzur politikoaren aurrean, ezker abertzalearen hautua Euskal Herriaren herri gisako etorkizuna ziurtatu dezakeen aukera bakarraren aldekoa da, gero eta argiago ageri zaigun Euskal Herriko Estatua sortzea. Egoera honen erdigunean, Marko Demokratikoaren Proposamenak, Euskal Herriko Estatua sortzeko bidean tarteko urrats gisa hartzen du bere zentzu osoa.
Espainia eta Frantziako estatuek, biek ala biek beren ekinbide errepresiboa indarberritu dute. Eraso horiek inoiz baino zentzu politiko argiagoa hartzen ari dira, estatuen apustu politikoa egonkortzea bilatzen baitute, ezker independentista anikilatzearekin batera.


Negoziazio prozesuan bilatzen zituzten helburu berberak bere horretan mantentzen dituzte orain. Zentzu horretan, errepresioan aplikatzen duten «makila» bestelako mugimenduekin osatzen ari da Espainiako Gobernua.
PSOE eta PNVren artean erreforma estatutario bati begira adostutako ibilbide politikoaren beste aldea ezker abertzalearen aurkako errepresioan agertzen duten adostasuna da: ibilbide horri aurre egingo dion sektore politikoaren kontrako errepresioa, alegia. Beraien apustu hori egonkortzeko, elementu desestabilizatzailea izango dena baldintzatu eta txikitu nahi dute. PSOE eta PNV-NaBairen arteko adostasuna agerikoa da estrategia politiko-militar hori aurrera eramateko.


Euskal Herrian salbuespen egoera indarrean dute, ezker independentistaren anikilazioa bilatzearen zantzuak hartzen dituena, eta inoiz baino modu ageriagoan uzten duena Espainiako Estatuaren izaera anti-demokratikoa.
Frantziako Estatuaren aldetik egindako urrats errepresiboak, azken hilabetetan egindako urrats politikoen harira kokatu behar ditugu. Autonomiaren proposamenaren inguruan zabaltzen hasi den eztabaida politikoa baldintzatzea eta ezker abertzaleak borroka fase berri bat suspertzeko egindako hautua baldintzatzea baitute helburu nagusia. Hori da Estatuak bidaltzen duen mezua.
Gure borroka esparruari erreparatuz gero, bizi ditugun egoera zigortzaile eta neurri bereziak norabide eta helburu berdinean kokaturik daude, estrategia politiko-errepresibo orokorraren baitan, alegia. Bi gobernuek eusten diote gerra klabean oinarritutako espetxe politikari. Sakabanaketa bere horretan mantentzen dute, bakartze eta isolamendu neurriak areagotuz. Harekin batera salbuespenezko legeriari are indar handiagoa eman diote: bizitza osorako espetxe zigorraren aplikazioa, gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten kideen askatasunak sistematikoki ukatuz edo Iñaki de Juanaren kasua, isla adierazgarri eta lazgarriak dira zentzu horretan.


Gobernu biak gure Kolektiboarekin jokatzen saiatzen ari dira, elementu desitxuratzaile bilakarazteko eta xantaiarako osagai moduan. Gure herriaren askapen borrokaren beste ataka inportanteetan bezala, borroka prozesuan eragin nahi dute presook maltzurki erabiliz eta bahitu politiko izaera indartuz. Nazio askapen mugimenduaren baitan etsipena eta pitzadurak sortzeko ahalegin zahar-berrituekin.
Urte luzetan gure herriarekiko agertutako koherentzia eta konpromisoaren erreferente deserosoa gara, eta honekin amaitzeko ahaleginak biderkatuko dituztela ez dugu inongo zalantzarik. Nola ezkutatu ordea, Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoaren itzala. Nola justifikatu ia 28 urte burni harresien artean bahiturik pasa ondoren, Jose Maria Sagarduik, Zornotzako Mandelak, gure herriaren askatasuna aldarrikatzen jarraitzen duela. Gizon eta emakume askeak izango gara, espetxeratu arren, menderatzea lortuko ez duzuelako!!


Asmo hutsalean ari dira bi gobernuak, gure Kolektiboak aspaldian bereganatu zuelako beren jukutriak indargabetzeko behar beste heldutasun politiko, oso garesti ordainduta bada ere. Aurrerantzean badakite presoon aferari nondik eta nola heldu behar dioten, gu eratorriak garen gatazka politiko eta armatuari konponbide demokratikoa emango bazaio. Aurrerantzean ederki asko dakite zein den gatazkaren korapilo nagusia, eta nondik eta nola askatu behar duten. Bien bitartean, presook gure borroka tokiari helduko diogu. Ez diegu utziko gure burua euskal askapen borrokaren kaltetan erabiltzen, ezta urrik eman ere!
Orain duela gutxi genionez, Euskal Herriak bizi behar du, libre, batu, euskaldun eta justizia sozialean oinarriturik. Horretarako, ordea, aitortua behar du izan, erabakitzeko bere eskubidea errespetatua, eta berau ahalbidetuko duen marko demokratikoa adostua. Euskal Herriak gainditu behar ditu Frantziak eta Espainiak ezarritako mugarri legalak, politikoak, ekonomikoak eta errepresiboak.
Ondorioz, deialdi bat egin nahi diegu Frantziako eta Espainiako gobernuei beren ardurei aurre eginez orain arte eman ez dituzten urratsak eman ditzaten; Nafarroa Garaia, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa batetik eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bestetik barnebildu, eta gure herriaren erabakitzeko eskubidea jasotzen duten autonomia estatutuak zehazteko akordio politikoetan. Zenbat eta lehenago mugitu norabide horretan, gero eta gehiago irabaziko dugu guztiok.


Deialdia ere euskal herritarrei, herri honen aitortzaren eta erabakitzeko gaitasunaren alde segi dezaten, eraikiko dugun marko berria benetan demokratikoa izan dadin, eta bertan jasoak izan daitezen Euskal Herriaren eta euskal herritar guztion eskubideak. Azken 30 urte hauetako ibilbide eta gertakariek erakutsi behar digute egungo erabakien garrantzia eta ondorioak norainokoak diren. Norabide horretan aritu ginen, ari gara eta arituko gara.
Bukatu aurretik, gure agur eta ohore sentikorrena adierazi nahi diegu bidean utzi berri ditugun lagunei eta euren senitartekoei. Beti gurekin izango ditugu buru eta bihotzean!!


Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!


Euskal Herria, 2008ko otsaila

No hay comentarios:

Publicar un comentario