HERRIEN BORROKA
“Euskal Herriaren Lagunak” aste osoan zehar munduan hamaika lekutan barreiaturik elkartasun astea burutu du. Ekimen eta mobilizazio desberdin eta anitzetaz osatutako egitarauek leku askotan burutu dira, hala nola; Valladolid, Bartzelonan, Pais Válencia, Eire, Mexiko, Portugal, Caracas, Santiago de Chile, Italiako 5 hiritan, Uruguay, Paris, Holanda,… Caracas-eko espainiar enbaxada margoketaz josita agertu da baina mobilizazioa poliziaren errepresioa jasan behar izan du (alkatetza eskubitarra da) eta Santiago-n presentzia poliziala nabarmena izan da. Elkartasuna herrien arteko samurtsuna da! Berriz ere, euskal herritarrak hitzik gabe geratu gara jasotzen dugun elkartasunaren aurrean, mila esker lagunak!
Askapena
Otsailaren 18tik 24ra ospatu den Euskal Herriaren Aldeko II. Nazioarteko Elkartasun Astean parte hartze zabala eta handia izan da. Oraindik datu guzti-guztiak jaso ezin izan baditugu ere, esku artean dauzkagunekin oso pozik egoteko moduan gaude. 25 hiritan baino gehiago burutu dira ekimenak, iaz data hauetan egin zirenen bikoitza baino gehiago.
Parte hartu duten lagunak ere askoz gehiago izan dira, lehen zenbaketen arabera 2.000 lagun baino gehiagok hartu dute parte elkartaratze, hitzaldi, bideo emanaldi, afari eta horrelakoetan. Bestalde, Euskal Herriaren Lagunak taldeak leku gehiagotara hedatu dira eta bestelako erakunde politiko eta herri mugimenduen parte hartzea ere areagotu da.
Alde horretatik, Askapenak zoriontzen ditu EHL-ko taldeetan lanean ari zareten guztioi, bai eta Euskal Herriaren Aldeko II. Nazioarteko Astean parte hartu duzuen erakunde eta herri mugimendu guztioi ere.
Ezin dugu oharkabean pasatzen utzi, iaz bezala, poliziaren presentzia ere nabarmena izan dela, eta leku batzuetan itogarria. Ezin dugu ahaztu iaz fetxa hauetan ere poliziak jokatu zuen papera, Parisen, adibidez, 16 lagun atxilotu zituzten elkartaratze baketsua egiten ari zirenean, inongo istilurik sorturik ez zegoela. Aurten, berriz, uniforme kolore andana ikusi izan dira hainbat herrialdetan, bai eta kalez jantzitako asko ere. Leku batzuetan izkutuago eta besteetan nabarmenago, argazkiak atera dituzte eta bideo grabaketak egin, Caracasen, berriz, manifestarien kontra oldartu ziren, granada negar-eragileak bota eta gero sekulako intoxikazio mediatikoa eragin, talde hauen kriminalizazioa, besterik bilatzen ez dutelarik.
Euskal Herriari elkartasuna adierazi eta bizi dugun salbuespen egoera salatzea ez da debaldekoa, eta horregatik eskertzen dizuegu guztioi egindako lan aparta: estatu espainola eta frantsesaren errepresio eta ukazio politika lau haizetara zabaldu duzuelako.
Herriz herri.
Ekimenak Montevideon hasi ziren, bertan bideo emanaldia egin zuten, eta ondoren Euskal Herriaren gaineko solasaldia, CX36 Radio Centenario eta Resumen Latinoamericano egunkariak antolatu eta Movimiento 26 de marzo, Partido Comunista Revolucionario eta Fogoneros taldeek hartu zuten parte, besteak beste. 100 bat lagun bildu ziren.
Estatu espaniarrean ere hainbat lekutan izan ziren ekimenak, Gaztelako Valladoliden elkartaratzea eta esku orrien banaketa egin zuen ‘Comite de Solidaridad con los Pueblos’ taldeak deituta eta ehun bat lagunek parte hartu zuten (azpimarratzekoa da azken urtean talde honek 3 hitzaldi/bideo emanaldi jendetsu antolatu dituela ehundaka lagunen parte hartzearekin eta bertako ezker sektoretako talde gehienen parte hartzearekin). Gainera ostiralean ekitaldi politikoa eta afaria egin zuten euskal gazte independentista batekin eta 50 lagun bertaratu ziren.
Països Catalansetan Bartzelonan eta Paìs Valenciá-n izan dira ekimenak. Bartzelonan ohi bezala oso jendetsua izan da, atzo igandea, Euskal Herriaren aldeko eguna ospatu zuten katalan eta euskal dantzariak, bastoners, ekitaldi politikoa (Gabi Basañez Askapenaren kidea eta Jordi Villanueva Amics i Amigues de Euskal Herria-ko kidea izan ziren hizlariak) eta bazkaria. 300 lagunek hartu zuten parte.
País Valecià-n berriz Floren Aoiz idazlearen eskutik 3 hitzaldi izan dira Valèncian ‘Ateneu Popular’-ek antolatuta, Alacant-en ‘Amics y amigues de Euskal Herria’-k eta Castelló-n Casal Popular-ek. 30, 80 eta 25 lagunek hartu zuten parte hurrenez hurren, eta Floren Aoiz-en blog-ean jasotzen den bezala (http://elomendia.com/), parte hartze aktiboa, jakinmina eta galdera zorrotzak izan ziren bertan.
Estatu frantsesean ere izan zen elkartasun ekimenik, Parisen hain zuzen ere. Bertan Eukal Herriaren Aldeko Elkartasun Komiteak antolatuta, bideo emanaldia, hitzaldia (Aizpea Abrisketa Batasunaren mahaikideak emanda) eta luntxa egin zen 80 lagunen parte hartzearekin, gainera Errepresioaren Kontrako Korsikar Komiteak, Mapucheekin Elkartasun Komiteak, Lokarriak, Secours Rouge-k, Lilleko Euskal Herriaren Aldeko Komiteak, Txalaparta irratiak eta beste kolektibo batzuek hartu zuten parte.
Holandan, berriz, astean parte hartzeko ekimena bestelakoa izan da: ANV-EAEren aldeko bozketa zibernetikorako aukera ematen dute Euskal Herrirako autodeterminazio eskubidearen alde eta Euskal Herri independiente eta ezkertiar baten alde. Herrika bozkatzen da eta honezkero 7.000 boto baino gehiago pilatu dituzte bi asteetan.
Eire-n elkartaratzeak izan dira espaniar enbaxada eta kontsulatuen aurrean Derry, Cork, Dublin eta Belfasten, aurreneko hiruretan 20-30 lagun bildu ziren eta Belfasten, berriz, 50. Euskal Herriaren Aldeko irlandar komiteeek antolatuta egin dute eta Belfasten, gainera, Euskal Herriko kartel politikoen erakusketa izan da, bai eta bideo emanaldia ere.
Italian, izan dira elkartaratze handienak, Milanon batez ere. 5 hiritan izan dira ekimenak. Erroman Marian Beitialarrengoitiak, Hernaniko alkateak joan den ostegunean eman zuen hitzaldia elkartasun afari batean, 60 lagun bilduak zirelarik. Bezperan Julen Arzuagak, behatokiko kideak ere hitzaldi eman zuen, beste hainbat lagunen aurrean. Brescian, bideo emanaldia, informazio banaketa eta kontzertua antolatu zuten, ehun lagun bildu zituzten.
Bolognan 100 lagun bildu ziren, informazioa eman, eta manifestazioa egin zuten poliziak lagunduta. Torinon Palazzo Nuovoko unibertsitatean informazio puntu bat jarri da egun osoan zehar material askorekin eta erakusketa batekin, larunbatean, erriz, material guztia unibertsitatetik atera eta kalean egin zuten elkartaratzea eta informazio banaketa, 60 bat lagunek hartu zuten parte. Bergamon ormairudi erraldoi bat margotu zuten. Eta azkenik Milanon, Euskal Herriaren Aldeko manifestazioak eta Herri Kurduaren aldekoak bat egin zuten eta guztira ehundaka lagun bildu ziren.
Europako ekimenekin bukatzeko Lisboan, ASEH-k deituta, hamarnaka lagun bildu ziren espaniar enbaxadaren aurrean, Euskal Herriaren kontrako errepresioaren etetea eskatzeko, alderdi politikoen ilegalizazioa salatzeko eta Euskal Herriari elkartasuna adierazteko. Bertako egunkari batek eginiko kronika hemen: http://www.portugaldiario.iol.pt/noticia.php?id=919181&div_id=291.
Berriro, ozeanoa gurutzatuta, Kolonbiako Caliko unibertsitatean bideo emanaldia egin zuten hamarnaka lagun bilduta.
Txileko Santiagon, ostiralean, ‘Movimiento Patriótico Manuel Rodríguez’-ek deituta elkartaratzea egin zuten eta bertatik ere presentzia polizial handia salatu dute, uniformez eta kalez jantzita polizi txiletarrak eta espaniarrak ere.
Mexikon, larunbatean, Xabier Mina diasporako kolektiboak deituta elkartaratzea egin zuten espaniar enbaxadaren aurrean, guztira 40 bat lagun bildu ziren eta presentzia poliziala ere oso handia izan zen, bai uniformez, bai kalez jantzita. Ekimena bideoz ere grabatu zuten eta hementxe dago ikusgai: http://euskaltube.com/play.php?vid=1353.
Argentinan Martxoaren 6rako ari dira ekimena prestatzen, eta hurrengo egunetan ekimen gehiago iragarri dira Italiatik eta WallMaputik.
Bukatzeko, Caracasen gertatua berriro ere salatzen dugu. Ostiralean goizeko hamarrak aldean 120 lagun bildu ziren Caracasen espaniar enbaxadaren aurrean. Deialdia Coordinadora Simón Bolívar, Casa de Encuentro Bolivariana “Freddy Parra”, Emisora libre “Al son del 23″, Coordinadora Continental Bolivariana, Coordinadora Popular de Caracas, Movimiento Gayones eta M-28k egin zuten.Udal horretako eskumako alkateak, Leopoldo Lópezek, prozesu bolibariarraren kontrakoak, bidali zituen poliziak eta negar eragiteko jaurtikiak erabili zituzten elkartaratzea sakabanatzeko, geldi eta kantuan ari zirelarik. Ondoren izan den intoxikazio mediatikoak tortilari buelta eman dio, eta manifestariak bihurtu zituen granada negar eragileen jaurtitzaile.Berresten dugu larunbatean publiko egin genuen salaketa:http://www.askapena.org/berriak/men/karpeta_eu/436/ind_aska
Balorazioa
Askapenak eskertu eta zoriontzen ditu Euskal Herriaren Aldeko Nazioarteko Elkartasun Astean parte hartu duzuen eragile guztiak. Bestalde, nabarmena izan da urtebetean Euskal Herriarekiko elkartasunak izan duen gorakada (azken urteetako gorakada hobeki esanda). Gorakada horrek bi arrazoi nagusi ditu: batetik egindako lan handia eta ona eta bestetik, estatu espaniar eta frantsesaren ukazio eta errepresio politiken areagotzea. Estatu biak eta elkarlanean errepresioa goreneko mailara eraman dute, eta egun Euskal Herriaren eraikuzantzaren aldeko konpromisoa adierazten duen edozein eragile dago jomugan, izan alderdi politiko, izan kazetari, izan laborari edo herri mugimenduetako kide, izan gazte edo zahar.
Herri honetarako demokraziarik inoiz ez badugu ezagutu ere, azken urteetan ezarri duten salbuespen egoera, Europako eskubide zibil, politiko eta gizakiaren kontrako urraketen lehen postura eraman gaituzte.
Espaniar eta frantses estatuek nahiko lukete salbuespen egoera hori ezarri, eta Euskal Herrian hori hala onartzea, eta beldurrak jota denok etxean sartzea, gisa berean nahiko lukete beste herrietako lagun eta eragile solidarioek ere begiak itxi, belarriak estali eta ahoa ixiltzea. Baina olatu faxista berri honen aparrak gainez egiten du Euskal Herrian eta munduko herri solidarioetan.
Errepresio eta ukazio politika horrek estatuen demokraziaren osasunari kalte egiten dio eta gaur ezker abertzalearen kontra jotzen duten bezala, bihar ezkertiar edo independentista diren beste batzuen kontra joko dute. Errepresioa eta ukazioa gogorra, latza eta sufrimendu gehiagoren eragilea da, eta gainera herri honen askatasun nahierako antzua da.
Estatuek errepresio eta ukazio poltika hori eten dezaten, Euskal Herrian gure askapen borrokan aintzina egiten jarraitzea da gakoa, baina Nazioarteko elkartasuna ezinbestekoa da, horregatik, beste behin ere, erakusten duzuen grinagatik, eta gure herriarekin daukazuen samurtasunagatik: MILA ESKER!
Haimaka herri borroka bakarra!
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario