GAZTE MUGIMENDUA
Aurpegia estalita kolpatzen gaituzten zakur amorratuen herrian hazitako gazteria gara, tortura eta espetxearen gau ilunaren mehatxuak jateko arriskua duen gazteria. Ilusio garaiak euren ilunabarrera iritsi direla erakutsi nahi digutelako Parisen, Madrilen, Iruñean eta Gasteizen gotortzen diren korbatadunek.
Ez dute herri hau aitortu nahi izan eta konponbidea irabazi, askatasunarekin gehiago dutelako galtzeko irabazteko baino. Estatu arrazoiak dituzte batzuk eta diruaren epela besteek, baina bat egiten dute euren negozioak aseko dituen aurrekontuetan, gure eskubideak ukatuko dituzten aurreikuspenetan.
Eta eurek legearen, Konstituzioaren eta Liberté, égalité, fraternité-ren eta, kasik, Jaungoikoaren izenean hitz egiten duten bitartean kalean bizitzera kondenatzen gaituzte, aurpegia estalita dutenen mehatxupean; hitz egitea ere ukatu nahi digute “hablar” eta “parler” egitea nahi baitute, gure herriari eta izanari uko egin diezaiogun; eurek gure herria zulatuz diruaren paradisura eramango dituen tren azkarrak eraikitzen dituzten bitartean, herriak bizi dadin beharrezkoa duen hezkuntza sistema boloniar saltsan egosten duten bitartean.
Emakumeok, gazteok, herritarrok… €uroaren zeinuaren menpeko subjektu abstraktu garen gauera ekarri gaituzte, etsiko dugulakoan, bizitzari eta herriari bizkar emango diogunaren uste erdi ustelean. Baina ilunabar horretan, Independentzia hizki larriz idaztea erabaki dugu; Gaztetxea, Herri Eskola, Kontrainformazioa, Parekidetasuna eta Eskubideak idaztea erabaki dugun moduan.
Amestu dugu hamaika aldiz gauaren ilunean argiz idazten genuela INDEPENDENTZIA Euskal Herriko zeruan, iluntasunean ikusi egiten baitugu, argitasunean sinesten dugulako. Eta orain, ametsak amestu ordez betetzea erabaki dugu. Etorkizunak izen bakarra duelako: Independentzia!
martes, 19 de febrero de 2008
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario