miércoles, 1 de abril de 2009

Mintegi Feminista Bilbon

“Emakumeok, ahaztuenak, kaltetuenak. Sistemaren krisia aztergai” Mintegia apirilak 4, Bilboko La Bolsan

Egun, sistema kapitalista eta patriarkalaren gainbehera bizi dugu eta beronen ondorio bistakoena ekonomia krisia dugu. Honenbestez, kontuan hartu behar dugu sistema oso bat dela krisian dagoena, jakinik, sistema kapitalista patriarkal honetan sekula ez ditugula emakumeok eskubideak bermatuak izan.

Emakumeok urte luzez daramagu krisian, ez da ezer berria guretzako. Baina Sistema osoaren krisia bizi dugun honetan, beti gertatu izan den bezala ordain nagusia emakumeon gain eroriko da. Eta historiak behin baino gehiagotan erakutsi digun bezala inor ez da arduratuko honetaz.

Sistema honetan sexuen araberako lan banaketak bizirik dirau, honen erakusle da emakumeok urteak eramatea prekaritate bortitza jasaten. Lan munduan sartu gara baina sarbide hau sektore prekarizatuenetan izan da, pobreziak emakume aurpegia duela baieztatzeko punturaino.

Baieztapenok egiaztatzeko ordaindutako lanpostuen gora beherak aztertu besterik ez dago. Azken hilabete hauetan Euskal Herri osoa kontuan harturik langabezia tasa %8,28koa da. Urte honetan zehar gizonezko langabetuen kopurua %77 igo da (momentuz espedienteen gehiengoak maskulinizatutako sektoreetan ematen ari direlako, besteak beste, metalean eta industrian), emakumezkoen %36aren alboan. Baina hala ere, emakumeak gara langabezia tasa handiena jasaten dugunak; emakumezkoen biztanleria aktiboaren %9,2a eta gizonezkoena aldiz, %7,5ekoa.
  • Gizonezko langabetuak EHn: %50,49
  • Emakume langabetuak EHn: %49,51
  • Gizonezko enplegatuak EHn: %56,16
  • Emakume enplegatuak EHn: %43,84

Datu argigarri hauen aurrean eta egun bizi dugun krisiaren ondorioak azaleratzean, komunikabideetan eta hein batean iritzi publikoan nagusitzen ari den pentsaera da krisiak gizonezkoengan eragin handiagoa duela; batez ere, eraikuntza, metala eta automobilgintza direlako krisiaren ondorio zuzenenak jasaten ari diren sektoreak. Baina emakumeengan dituen eta etorkizunean izango dituen ondorioez ahazten dira.

Hauek dira gure ustez krisiaren inguruan egin daitezkeen erreflexio ezberdinen abiapuntua, baina emakumeon artean eztabaidatu eta ikusezina den errealitate hori kaleratzea da gure lehentasuna. Beraz Euskal Herriko Bilgune Feministatik, eragile ezberdinak gonbidatu ditugu gurekin batera emakumeok bizi dugun egoeraren inguruan aritzeko. Bizi dugun krisiaren azterketa feminista egin nahi dugu eta denon artean alternatiba garatzeko oinarriak jarri. Hau dela eta Apirilaren 4an Mintegi ireki bat egin nahi dugu eta emakume guztiei gonbidapena luzatu nahi diegu.

Mintegi zabal honen helburuak honakoak dira:
  • Egoeraren irakurketa egitea sektore ezberdinen ikuspuntutik.
  • Emakumeoi boz-gailua ematea “gizonezkoen krisi” honetan.
  • Emakumeok bizi ditugun egoera ezberdinak kaleratzea.
  • Krisiaren ondorioak aztertzea perspektiba feministatik.
  • Alternatiba eraikitzeko oinarriak jartzea.

Egitaraua berriz, segidan datorrena izango da:
  • 9:30etatik 10tara: Inskripzioa eta material banaketa
  • 10etatik eta 11:30etara: “Sindikalgintzatik azterketa feminista” Mahai ingurua.
  • 11:30etatik 11:45etara Atsedenaldia
  • 11:45etatik 13:15tara: “Zuzenean krisia jasaten ari diren emakumeon kolektibo ezberdinetatik egoeraren azterketa, Mugimendu feministatik krisiari alternatibak eraikitzen.” Mahai ingurua.
  • Interbentzioak bukatuta eztabaidari ekingo diogu.

Mintegia bukatu ondoren emakumeon indarra erakustea da gure beste helburu bat, hemen gaudela eta alternatibak eraikiko ditugula argi utziz. Hau dela eta mintegia bukatzeko kontzentrazio bat egingo dugu, gure indarra kalean adierazteko modu egokia dela uste dugulako.

Konzentrazioa Arriagan egingo dugu 13:30etan “Emakumeak, ahaztuenak, kaltetuenak” lemapean.


No hay comentarios:

Publicar un comentario