sábado, 18 de abril de 2009

PSOEren eta EAJren egoitzen aurrean gaitzetsi dute sakabanaketa


Preso politikoen nazioarteko eguna izan zen atzokoa, eta presoen eskubideen aldarriak leku berezia izan zuen Bilbon ere. Etxerat sakabanaketaren aurka asteartetik egiten ari den biraren barruan izan ziren protestak. Sabin Etxeraren eta PSOEren egoitzen aurrean egin ziren. Izan ere, sakabanaketak eta horrekin batera presoei ezarritako bakartzeak eta espetxe politikak urratzen dituzte bortizkien euskal presoen eskubideak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez.

Etxeratek PSOE eta EAJ egiten ditu «presoa suntsitzea helburu duen» politika horren erantzule. PSOE, berak jarri zuelako martxan sakabanaketa politika, duela hogei urte, eta gaur ere Espainiako Gobernuan egonik berak hartu duelako bide horri eusteko erabakia. EAJ, sakabanaketaren diseinuan ere parte hartu zuelako egiten du presoen egoeraren erantzule, eta, bere ustez, egun ere ez duelako horren aurkako urratsik egiten.

Goizean hasi eta gauean amaitu ziren Bilbon sakabanaketaren aurkako eta presoen eskubideen aldeko ekimenak. Herriz herriko bira egiten ari diren Etxerat-eko kideei agurra egin, eta Frantziako Gobernuak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, Frantziako Gobernuak ere Espainiakoaren bideari jarraitu eta sakabanaketa politikari ekin izana salatzeko.

Arratsaldean, ostiraleroko hitzordua errepikatu zuten senideek. EAJren egoitza nagusiaren aurrean egon ziren 110 lagun, presoen argazkiak eskuan. Baina atzo ez zuten agurtzeko bidaiaririk. Astero-astero egin ohi dute sakabanaketaren aurkako elkarretaratzea Sabin Etxearen aurrean. Han egiten du geldialdia presoak bisitatzera doazen senide eta lagunez beteta Espainiako Andaluzia aldera joaten den autobusak. Igande gauera arteko bidaia luzean arazorik izan ez dezaten zortea opatzen diete elkarri.

Bidaiaririk gabe

Atzo, baina, ez zuten horren beharrik. Asteburu honetan ez dute bidaiarik egingo. Etxerat-ek sakabanaketaren aurka egindako ekimenarekin bat egin, eta asteburu honetan bisitarik ez jasotzea erabakia du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. Sakabanaketaren aurkako protestan, senideei milaka kilometroko bidaiarik ez egiteko eskatuta parte hartzea. Kartzeletara joan ordez, Durangora joango dira bihar senideak, eta bertaratzeko deia egin dute.

PSE-EEren egoitza nagusirainoko ibilbidea egin, eta handik abiatzekoa zen manifestaziora batu zitzaizkion atzo Sabin Etxean bildutakoak. Sakabanaketa salatzeaz gain, munduan zehar diren preso politikoei elkartasuna adierazi zieten manifestazioan. Besteak beste Palestina, Irlanda, Korsika eta Kurdistango banderak erakutsi, eta presoen etxeratzea aldarrikatu zuten.

Mundu osoko preso politikoen «duintasuna» goraipatu, eta nazioarteko hamaika talderen babesa jaso zuten bai presoen eskubideen alde aritzen diren euskal herritarrek, bai euskal presoek. Greziatik, Perutik, Argentinatik eta Korsikatik jasotako elkartasun gutunak irakurri zituzten, besteak beste. Bittor Tejedor preso ohiak, Peruko presoek espetxean euskal presoentzat egindako eskultura jaso zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario