martes, 28 de abril de 2009

Euren krisia GURE OSASUNAren kontura


Patronalaren eta bankarien diruzalekeria mugagabeak eta agintarien oniritziak eragindako egungo krisi egoera pairatzen ari garenak langileak gara. Diru publikoa bankuak erreskatatzeko edo klase politikoarekin lotura estua duten sektoreak, eraikuntza esaterako, berpizteko erabiltzen ari dira. Hori gutxi balitz, euren irabaziak mantentzea daukate helburu. Bien bitartean, inbertsio sozialak murrizten dituzte, langileoi gerrikoa estutzeko esaten digute, langileak kaleratu edo lan baldintza okerragoak onartzeko presionatzen gaituzte. Gero eta gehiago dira pobrezia egoeran dauden edo sozialki baztertuta bizi diren pertsonak. Egoera horren ondorioz:

- Langileriaren artean, ziurgabetasuna, ezegonkortasuna eta presioa areagotu egin dira; baita bakoitzak bere aldetik konponbidea aurkitzeko joera ere enpresetan.
- Lan baldintzak kaskartu dira, soldatak murriztu, lan zamak bortizki aldatu, ...
- Langabezia igo egin da.
- Laneko arriskuen prebentzio gutxiago egiten da, prebentzio zerbitzuei ekonomiaren mesedetan ez dezatela enbarazurik egin eskatuko diete.
- Enpresa inbertsioen berrantolaketa eta murrizketa eskatuko dute.
- Lan istripu eta laneko gaixotasun gutxiago egongo dira, baita jatorri arrunta duten bajak ere. Horren arrazoia laneko joan etorrien eta lanaldiaren murrizketa, istripuak gehiago ezkutatzea eta enplegua galtzeko beldurra dira.

Egoera guzti horiek gure osasun eta bizian eragiten dute zuzenean eta honako kasuak areagotzen dituzte:

- Estresa (bihotzekoa izateko arriskua), derrameak, depresioa, antsietatea, neurosia, gastritisa, lorik ezin egina, digestio-arazoak, ...
- Errekurtso ekonomiko faltagatik janari ezegokiak jateak eragindako hainbat minbizi mota ugaritzea.
- Hilkortasun tasa handiagoa, osasun mental okerragoa, osasunaren balorazio txarragoa, osasungarriak ez diren ohiturak hartzea, maila pertsonalean eta sozialen garatzeko arazoak.

Aipatu osasunaren kalte horiek, ordea, ez dute pertsona guztiengan eragin berdina izango. Izan ere, kolektibo baztertuenak (emakumeak, prestakuntza gabeko pertsonak edo ez gaituak, gazteak edo etorkinak) izango dira langabezian luzaroan egoteko eta sozialki baztertuta bizitzeko arriskuan egongo direnak.

Datorrena ikusita, argi dago inork ez gaituela babestuko. Administrazio publikoek patronala lagunduko dute batere eraginkorrak izango ez diren politiken bitartez eta legea betetzeko kontrol publiko gutxiago eginda.

Ez da krisiaren eragina arintzeko laguntzen hasteko ordua; ezta euren sistemak aurrera jarraitu eta batzuk aberasten diren bitartean langileria esplotatua eta krisiaren ondorioak ordaintzen jarraitzeko ordua ere. Osasuna eta kapitalismoa ezin dira eskutik helduta joan, kontrajarriak dira . Horregatik, LAB sindikatuak osasunaren eta biziaren aldeko defentsan lanean jarraituko du. Eredu ekonomiko aldaketa bultzatuko dugu, enplegu duina eta guztiontzako eskubideak aitortzen dituen eredua, pertsonak eta beraien beharrizanak kontuan hartuko dituena, justua eta bidezkoa, ingurumena errespetatuko duena, aberastasunaren
banaketa errealitate egingo duena, patronalak eta administrazioak eurak bakarrik erabakitzerik izango ez duten eredua. Azken finean, osasuna eskubidetzat hartuko duen eredua defendatuko dugu.

Horregatik guztiagatik, apirilaren 28an eredu aldaketa exijitzeko mobilizazioak egingo ditugu eta maiatzaren 21ean greba orokorra egingo dugu.

langileon borrokaz ALDAKETA

APIRILAK 28, ASTEARTEA
PLZA ZIRKULARean 19:30etan


www.labsindikatua.org

No hay comentarios:

Publicar un comentario