Gatzak 28 urte espetxean beteko dituela eta antolatu dute ekitaldia. Gatza eta gainontzeko euskal preso politikoek pairatzen duten espetxe politika salatu eta gaixotasun larriak dituzten presoen eta kondena betea dutenen askatasuna galdegingo dute bertatik.
Uztailaren 12an 18:00etan Udaletxe plazan burutuko den ekitaldian parte hartzeko deia burutu du AAMak Zornotzatik:
Joxe Mari Sagardui, Gatza, euskal preso politiko Zornotzarrak 28 urte daramatza espetxean. Europa osoan espetxean urte gehien daramatzan preso politikoa izatearen errekor ankerra ezarri diote.
Nola ulertu daiteke Gatza horrenbeste urte espetxean mantentzea? Nola ulertu Zornotzatik 800 kmtara dispertsatuta izatea? Zelan ulertu espetxealdiaren 28 urteak 1.graduko faserik gogorrenean izatea? Nola ulertu eguneko 20-22 ordu zelda barruan izatea? Nola ulertu kirola, ikasketak eta bestelako aktibitateetan parte hartzeko debekua edukitzea?
Modu bakarrean ulertu dezakegu. Gatza euskal preso politiko bat da. Frantziar zein espainiar estatuek espetxe politika oso bat darabilte presoak suntsitu eta makurrarazteko asmoz. Presoak eta beraien senitartekoak muturreko egoeretan mantentzen dituzte, heriotzaren ateetaraino eramaten dituzte xantaia politikorako erabiltzeko.
Urte guzti hauetan, espetxe politikak 22 preso politiko eta 17 senitarteko eta lagun hil ditu. Espetxe politika hiltzailea dela esaten dugunean badakigu zertaz ari garen.
Azken denboretan espetxe politikaren gogortze bat ezagutzen ari gara gainera. 14 preso politiko daude gaur egun espetxeetan gaixotasun larri eta sendaezinak izanda ere, askatasun eskubidea ukaturik. Presoak bizi osoko espetxe zigorrera kondenatzen dituzte, ezarri zioten kondena osorik beteta izanda ere kasu batzuetan, edozein herrialde demokratikotan eskandaluzkoak liratekeen neurri eta trikimailuen bitartez.
Ez al dira konturatzen, errepresio basatiena erabilita ere, ez dutela presoak makurraraztea lortuko? ez dute aski, ikusita 30 urte luzez aplikatu dituzten neurri gogor eta basatienak aplikatuta ere porrot egin dutela? ez al dakite preso politikoen jarreraren oinarrian Duintasuna dagoela?
Espetxe politika hiltzaile honekin amaitu behar dugu! Presoek erakusten duten jarrera eredu hartuz, ekimen eta mobilizazioekin jarraitu behar dugu, euskal herritarrontzat sufrimendua eta heriotza besterik suposatu ez duen politika anker honekin amaitzeko. Ez ditugu inoiz bakarrik utziko.
Norabide horretan, eta Gatzak espetxean 28 urte betetzen dituela eta ekitaldi bat antolatu dugu datorren Uztailaren 12an, arratsaldeko 18:00etan Zornotzako Udaletxe plazan. Dei bat luzatu nahi diogu euskal herri osoari bertan parte hartu dezaten, eta guztiok batera gure aldarrikapenak ozen entzunarazi ditzagun:
Gaixotasun larriak dituzten presoak eta kondena betea duenak kalera!
Euskal presoak euskal herrira dagozkien eskubideen jabe!
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario