viernes, 5 de diciembre de 2008

Konstituzioaren 30. urteurrenean, denok Durangora


Datorren larunbatean, abenduaren 6an, 30 urte beteko dira Espainiako konstituzioa onartu eta euskal herritarroi inposatu zitzaigunetik. Izan ere, ez dezagun ahaztu. 78an euskal herritarrok errefusatu egin genuen Konstituzio hori, Euskal Herria ukatu eta Espainia ez zen beste herririk eta espainola ez zen beste hizkuntzarik aitortzen ez zuelako, besteak beste.Espainiako Konstituzioa frankismo osteak Euskal Herriarentzat planteatu zuen terapia izan zen, gure herriaren eskubide demokratikoak zanpatzen jarraitzeko. Izan ere, Espainiako Konstituzioak, besteak beste, bi helburu nagusi zituen Euskal Herriari dagokionez: Euskal Herria asimilatzea eta proiektu independentista askatzailea deuseztatzea.Luze joko luke orduko testuinguru politiko, ekonomiko eta sozialaz aritzea, baina denok jakin badakigu, Franco diktadorearen heriotzak itxaropenari eman ziola bidea. Memento hartan, 40 urteko diktadura jasan ondoren, Hego Euskal Herriko herritarrok demokraziazko egoera batera iristeko benetako aukera izan genuen. Eta horregatik ezker abertzaleak argi eta garbi planteatu zuen herri honek erregimen frankistarekin guztiz apurtu eta burujabetzaren bideari ekin behar ziola. Eta horretarako elkarlanerako eskaintza egin zuen. Txibertan has zitekeen bide hura, baina PNVk, bere interes ekonomikoak lehenetsiz, nahiago izan zuen Euskal Herria desagerraraztea helburu zuen Espainiako Autonomien Estatuaren eraikuntzan buru belarri murgildu, Estatuko alderdi baten gisara, eta erreformari sinesgarritasun demokratikoaren egiaztagiria eman.Izan ere, Espainiako Konstituzioaz ari garenean, ezinbestean, Konstituziotik eratorritako Gernikako Estatutua zein Nafarroako Foru Hobekuntzaz hitz egin behar da: arkitektura juridiko-politiko beraren zati dira hirurak. Espainiako Estatuak, bi instrumentu juridiko horien bidez, gure herriko espazio abertzale bat (PNV eta EE) frankismo osteko koordenada politikoetan txertatzea lortu zuen, ordainean, PNVren buruzagien eskuetan utziz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako amaraun administratibo-autonomikoa eta PSNren esku Nafarroa.Argi eta garbi adierazi behar da operazio konstituzional-estatutuario horrek PNVren interesei baino ez diela erantzun, eta ez herri honen interesei. Eta PNVren interes horiek hipoteka ikaragarria izan dira herri honentzat. Izan ere, operazio horrek Euskal Herrian zatiketa berria inposatu eta zapalkuntza eta gatazka politikoa 30 urte gehiagoz luzatzea eragin du.Aldiz, herri honen borrokak asimilaziorako bitartekoa zen marko konstituzionala agorraraztea lortu du. Gaur, eredu konstituzional-estatutario horren 30. urteurrenean, eztabaidaezina da bere agorpena eta Euskal Herriaren aldarrikapen demokratikoa asimilatzeko porrota. Hori da ezker abertzalearen garaipen politikoa. PNVk oraindik orain metabolizatu ezin izan duen garaipena, Lizarra-Garaziko bidaiak gora behera, eta errealitate politiko horrek hautu estrategikoa egitera behartu du.Eta jakina, bere hautua oso argia izan da: nahiz eta egungo marko zatikatzaile eta ukatzaile honen makillaje soilak egiteko tarte gutxi izan, Estatuaren estrategiarako zutoin izatearen aldeko apustua egin du, horrela, bere gestio instituzionala eta ekonomikoa bermatuko dizkioten erreformak eta akordioak hitzartuz.Beraz, esan dezakegu, Negozioaren Euskal Alderdi hau orain 30 urte Txibertan izan zuen posizio politiko bertsuan aurkitzen dela ziklo berri honen atarian. Estatu espainiarrari eskaini dion Kontzertu Politikoa dugu horren lekuko: kontzertu politikoa independentziari uko egitea eta behin betikoz alderdi erregionalista modura aritzea esan nahi du.PNVren hautu honen aurrean, eredu autonomista eta zatikatzaile honen aurka egin duen independentismoak Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoa saihestezin egiteko indar erabakigarrian bihurtu behar du.Independentistok ezin dugu PNVren zain geratu, ezta PNVren esku utzi ere herri honen interlokuzioa Estatuarekiko, izan ere, 30 urte hauek zerbait garbi erakutsi baldin badute da, PNV honekin ezin dela gatazka konpondu, ezin dela marko demokratiko bat erdietsi, ezin dela independentziaren defentsa egin.Herri honek ezin du permititu orain 30 urteko maniobra bera errepikatzea. Independentistok ezin dugu onartu PNVk berriz ere, bere interesen mesedetan, herri honen etorkizuna hipotekatzea.Horregatik, independentziari ateak zabalduko dizkion aldaketa politikoa gauzatzeko bideari ekin behar diogu. Hori da, ezker abertzalearen iritziz, Euskal Herriak parez pare duen erronka: Espainia eta Frantziako konstituzioen harresia botatzea, gaur egungo esparru konstituzional-autonomikoa gainditzea eta eskenatoki demokratiko bat erdiestea, Euskal Herria nazio eta subjektu erabakitzaile gisa aitortuko duena eta proiektu politiko guztiei ateak zabalduko dizkiena, baita independentista eta ezkertiarrok nahi dugun independentzia eta sozialismoarenari ere. Izan ere, ezker abertzalearen irudiko, azken hori baita, Euskal Herriaren etorkizuna berma dezakeen aukera politiko bakarra.Zentzu horretan, dei egiten diegu independentista eta ezkertiar orori larunbat honetan Durangon egingo dugun manifestazioan parte hartzera. Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Landakotik, “autodeterminazioaren bidetik, independentzia!” lelopean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario