Indarkeria sexista ala Reality Show?
Pasaden urtean, Euskal Herrian, bost emakume erail zituzten, beste emakume bat desagerturik suertatu zen eta eraso sexisten inguruko gertakari eta salaketa asko eman ziren.2009 urtea hasi berria dugun arren, dagoeneko emakume bat erail dute Baionan, halaber bortxaketa kasu eta bestelako eraso sexista ugari mahai gainean ditugu iada. Eta ezin dugu ahantzi ere joan den urteko urriatik Lizarrako emakume bat desagerturik dagoela.Beraz, urte bukaeran egiten genuen euskal emakumeon inguruko egoeraren azterketa xumean azpimarratzen genuen bezala, emakumeon kontrako indarkeria euskal emakumeok pairatzen dugun errealitatearen isla da. Zoritzarrez errealitaterik gordinena.Egun hauetan desagerturik dagoen Mª Puy Perezen kasuak ohiartzun komunikatibo handia hartu du. Edota hobe esanda, bere bikoteki ohia den Jose María Morentinek, kartzelatik atera berria dena, erreferentzia komunikatibo handia lortu du. Izan ere, Lizarrako kasuarekin, komunikabideen erabilpen sentsazionalista, desitxuratua eta testuingurutik kanpokoa ikusi izan dugu beste behin ere.Emakume bat desagerturik egotea reality show bat al da? Antza denez, bere bikoteki ohiarentzat zein hainbait komunikabideentzat bai. Izan ere, balizko erasotzaileak desagerturik dagoen emakumea badakiela non dagoen eta gehien ordaintzen dion komunikabideari kontatuko diola esan berri du. Eta jakina, komunikabide askok heldu diote “oferta” horri.Ezker Abertzaletik maiz aldarrikatu dugun bezala, emakumeon kontrako indarkeriari aurre egitea guztioi dagokigun zeregin bat da. Baita komunikabideetan diharduten gizon-emakumeei ere. Beraz, komunikabideetan edozein indarkeria sexistaren gertaera behar bezala lantzeak bere biziko garrantzia dauka. Besteak beste, biktimismoa edota sentsazionalismo joerak alboratuz, indarkeria sistema neoliberal-patriarkalaren ondorio gisa kokatuz, gertaera isolatu gisa landu baino, izaera soziala eta politikoa duen arazo gisa kokatuz eta indarkeria sexistari aurre egiteko egun dauden mekanismo eta neurrien berri emanez.Bestalde, Mª Puy Perezen desagerpenaren eta erasotzailea kaleratu izanaren aurrean gure harridura, kezka eta desadostasuna adierazi nahi dugu.Harridura eta kezka balizko erasotzailea kartzelatik kaleratu izanagatik. Horrelako erabaki judiziala ulertu ezina iruditzen zaigu. Zer aldatu egin da erasotzailea kaleratu ahal izateko?, akaso erasotzailearen inguruan zeuden susmoak gainditu dira?, edota emakumearen desagerpenaren ondoren zegoen presio soziala nahiz komunikatiboa gainditu egin da? Irizpide judizialak gailentzen dira edota bestelako irizpideak nagusitzen dira?Zoritzarrez emakumearen gorputza agertzen ez den bitartean ez omen dago inolako krimenarik. Gure ustez emakumearen gorputza agertu edo ez, indarkeria sexistaren kasu baten aurrean aurkitzen gara. Eta horren araberako prozesu judiziala egin beharko litzateke.Halaber, emakumearen bilaketa lanari ekiteko deia egin nahi dugu.Bukatzeko, emakumearen kontrako indarkeriari aurre egiteko konpromiso politikoa berretsi nahi dugu. Indarkeria sexista ekiditeko eta aurre egiteko praktika politiko integrala garatuz, indarkeriaren gertaera oro salatuz eta erantzuna emanez eta mugimendu feministaren dinamikak babestuz. Zentzu horretan Baionan gertatu berri den hilketa salatzeko burutzen ari diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin nahi dugu, baita edozein eraso sexista salatzeko burutzen diren mobilizazio edota ekimetan ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario