jueves, 29 de enero de 2009
Euskal Herriko Laborantza Ganbera
Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG) eta haren lehendakaria, Mixel Berhokoirigoin epaituak izaten ari dira, Laborantza Ganbera ofiziala "ordezkatzen saiatzeagatik" prefetak 2005ean tartekatutako salaketa medio. Eurak babesteko mila lagun inguru bildu dira 13.30etan Baionako Auzitegi atarian. Epaiketa 15.00etan hasi da, ordu eta erdiko atzerapenarekin, alegia.
Estatuaz gainera, Paueko Laborantza Ganbera ere aurkeztu da akusazio zibil gisa.
Auziaren lehen saioa irailaren 18an izan zen baina, orduan, EHLGk epaiketa atzeratzeko eskatu zuen defentsa ondo prestatzeko aukera izatearren. Berhokoirigoin izango da lehena deklaratzen. Hiru abokatu izango ditu alboan, horietako bat, Corinne Lepage, bi urtez Ingurumen ministro izandakoa.
Ondoren, lekukoak entzuteko txanda izango da. Paueko Laborantza Ganberak ez ditu lekukoak eramango, presidentearen esanetan, "soilik EHLG sortuz geroztik egoera nola bizi" duten eta "zer ondorio ekarri" dizkieten azalduko dute. Arratsera arte iraungo du epaiketak, eta bitartean, kanpoan, hurbil dagoen Moderne trinketean paratutako karpan elkartasuna adieraztera joandakoak bildu eta saioa segitu ahal izango dute. Emaitza aste batzuk barru jakinaraziko da.
Milaka atxikimendu
EHLGk egundoko atxikimendu adierazpenak jaso ditu Euskal Herrian, baita Estatuan ere. 1.000tik gora hautetsi, esparru askotariko "100eko deiak", 130 ikerlarik azaldutakoa, esaterako, eta elkarte eta talde andana argi azaldu dira beraren alde.
Auzitegira bertaratzera dei egin dute askok, horien artean, AB, Batasuna, EAJ, ELB, LAB, FSM, Seaska, Euskal Konfederazioa eta EHZ festibala.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario