domingo, 29 de junio de 2008

Eragileek euskararen ordenantzak onartzeko eskatu diote Udalari


Txakurrak, semaforoak, "botelloia", antenak eta abar luze bat araututa duen Bilbo hiriak ez dauka euskararen gaineko udal ordenatzarik. Gaur hiriko zenbait eragile prentsaren aurrean agertu dira eta Bilbon euskaldunak bigarren mailako hiritarrak direla salatu ostean, udal gobernuari euskararen ordenantzak onartzeko eskatu diote.
Egindako balorazioaren arabera, Bilbo da Euskal Herrian euskaldun gehien biltzen dituen udalerria, baina aldi berean, «Bilboko Udala da euskara ez bermatzeagatik salaketa gehien jaso duena ». Udalerrien hizkuntza politiken neurketan egin orduko, 10etik 2,61 puntu baino ez ditu lortu Bilbokoak.

«Bilbon euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara » esan eta, horren adibideak aipatu dituzte gaurko agerraldian; besteak beste, alkatea erdaldun hutsa izatea, Infobilbaok, ``Bilbao'' egunkariak eta Udaltzaingoak «euskararekiko agertutako begirune eza» eta A eredua soilik eskaintzen duten lau eskola publiko egotea.

Eragileek salatu dute Bilboko udalean dagoen euskara planaren epeak edo plana bera betiko luza daitekeela, epeak ez direla betetzen eta horiek ez direla neurri egokiak euskararen normalkuntzarako.

Urraketaren adibide batzuk mahai gaineratu dituzte. Besteak beste, Bilbon oraindik A eredua soilik eskaintzen duten 4 eskola publiko egotea edota, Miribillako eskolan haur hezkuntzan D eredua egon arren, euskalduntzea bermatua ez egotea, eta udalak, Lakuarekin batera, eskumena duen arlo honetan, ez duela benetan euskaldunduko duen ereduaren aldeko lanik egin eta egiten.

Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza izanda, mendetako jazarpenaren eta bazterketaren ondorioz haren hedapena eta erabilera oso mugatuta daudela azpimarratu dute. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo dute, lehentasuna aitortu eta euskal herritarrek normaltasun osoz eta dagokien eskubidez, euskara alor eta eremu guztietan erabili dezaten neurri zehatzak hartu eta aplikatzea.

Euskarak lehentasunezko tratamendua izan behar duela aldarrikatu dute eta "horretarako udalak neurriak hartu behar ditu benetan Bilbon euskaraz bizitzea posible izango bada". Neurri hori “euskararen ordenantzak” onartzean datzala aipatu dute.

Ordenantzak idatzi eta euskalgintzako eragile ezberdinen atxikimendua jasorik, udalean aurkeztuko dituzte datozen hilabeteetan.

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak bultzatu duen dimanika honek honako eragileen babesa jaso du: Abante konpartsa, AEK, Artez, Asapala kultur elkartea, Ezker Abertzalea, Euskal Herriak Bere Eskola, Euskarri, Hau Pittu Hau konpartsa, LAB, Palanka euskara elkartea, Segi, Ttantaka euskara konpartsa, Zustarri euskara konpartsa eta Ernai.

No hay comentarios:

Publicar un comentario